GARA
TOKIO

Gizon batek adimen urriko hemeretzi pertsona hil ditu labankadaz Tokiotik gertu

Tokio hiriburutik 50en bat kilometrora dagoen adimen-desgaituentzako zentro batek Japonian 1945az geroztik egin den sarraski okerrena jasan behar izan zuen atzo. Bertako langile ohi batek hemeretzi lagun hil zituen labankadaz, eta beste hogeita sei zaurituta utzi.

Satoshi Uematsu hogeita sei urteko ustezko erasotzailea zentroko langile ohia zen: 2012an hasi zen, eta aurtengo otsailean bukatu, Polizia gaztea ikertzen ari zela-eta. Ikerketaren ondorioz, gaztea zentro psikiatriko batean sartu zuten.

Japoniak gerra bukatu zenetik ezagutu duen tragediarik handiena eragin ondoren, bere burua entregatu zuen. «Pertsona urrituak mundu honetatik kanpo nahi ditut», esan zuen erasotzaileak, Poliziaren arabera.

Satoshi Uematsu goizaldean iritsi zen Tsukui Yamayuri adimen urrikoentzako zentrora. Sagamihara herrian dago aipatu lekua, Kanagawako prefeturan. Leiho bat txikitu zuen sartzeko eta, bertan hiru urtez lanean aritutakoa zenez, bazter guztiak ezagunak zituen.

Arma zuriak erabili zituen sarraskia egiteko. Hemeretzi hildako eta hogeita sei zauritu eragin zituen, horietako lau oso larri, koma egoeran. Bere burua entregatu zuenean, erabili zituen hiru labana zeramatzan berarekin. Odol eta guzti.

Hamar emakume eta bederatzi gizon dira hildakoak. Gazteenak hemeretzi urte zituen, eta zaharrenak, hirurogeita hamar.

Poliziak Uematsu ikertu zuen, hain zuzen, gazteak «Japoniaren onurarako 470 desgaitu hiltzeko» asmoa adierazi zuelako diputatu bati idatzitako gutun batean. Otsailaren 14an idatzitako testuan azaltzen zuen era askotako desgaitasuna duten pertsonen bizitza «ikaragarri zaila» dela eta horregatik defenditzen zuela horiei eutanasia egitea.

Hamabi egun ospitaleratuta

Medikuek erabaki zuten Uematsu besteentzako arriskutsua izan zitekeela, eta ospitaleratu egin zuten, baina handik hamabi egunera eman zioten alta, psikiatren ustez hobeto zegoelako. Edonola ere, gaztearen ingurukoek jakinarazi dute geroztik ere esan izan zuela desgaitu hiltzeko asmoa zuela.