GARA
BERLIN

Berlinek asilo politika defenditu behar izan du

Europako agintariak larri dabiltza azken bolada honetan eraso jihadisten eta eskuin muturraren jardueraren eraginez. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak herrialdearen asilo politika defenditu behar izan zuen berriz atzo, ISIS Estatu Islamikoak bere gain hartutako atentatuen ondorioz herritar eta politikari askok gaitzetsi egin baitute horrenbeste errefuxiatu hartzea. Frantses Estatuan, berriz, erreserbistez osatutako Guardia Nazionala eratuko dute.

Orain urtebete, Ekialde Hurbiletik etorritako milaka errefuxiatu Alemaniara iristen ari zirenean, Merkelek esan zuen «lortuko dugu», herritarrak lasaitu nahian. Baina Ansbach herrian joan den igandean eta tren batean hilaren 18an gertatu ziren erasoen eraginez, urduritasunak gora egin du berriz, jihadistek beren gain hartu baitzituzten atentatuok. Gainera, giroa gehiago gaiztotzeko, jihadismoarekin zerikusirik ez zuen eraso batean gazte batek bederatzi pertsona hil zituen hilaren 22an.

Merkelen aurkakoek diote eraso horiek asilo politikaren porrota adierazten dutela. Egoera horri aurre egiteko, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo: «Gaur, atzo bezala, proba historiko honekin arrakasta lortuko dugula konbentzituta nago».

«Jendea beldurrez dago –esan zuen kantzilerrak–, baina beldurrak ezin du izan jarduera politikoaren oinarri. Alemania bezalako herrialde batek, ezin du bere erantzukizun humanitarioa baztertu. Alderantziz, bere gain hartu behar du». Merkelek aditzera eman zuen ez duela baztertzen Armada erabiltzea eraso handiak izaten direnean barne segurtasunari euste aldera, eta delituak egiten dituzten errefuxiatuak kanporatzeko neurri batzuk ere iragarri zituen.

Edonola ere, kantzilerraren aliatu diren politikari batzuk ez datoz bat. «Terrorismo islamista Alemaniara iritsi da», esan du Horst Seehofer Bavariako CSU alderdiko presidenteak. «Alemanian segurtasuna, gardentasuna, zuzenbidea eta ordena behar ditugu errefuxiatuen inguruko kontuetan», adierazi zuen, berriz, Joachim Herrmann lander bereko Barne ministroak.

Erreserbista frantsesak

Mugaz beste aldean ez daude lasaiago. Atzo eman zuten jakitera Normandiako apaiza hil zuen bigarren jihadistaren nortasuna: Abdel Malik Petitjean, 19 urteko frantsesa. Adel Kermiche bezalaxe, aljeriar jatorriko familia batekoa zen. Ezagutzen zutenei ez zitzaien burutik pasatu ere egin hain mutil «normala» kontu horietan nahasita egotea.

ISISekoen erasoen ondorioz frantses Estatuan sortu den giroa baretu nahian, Hollande presidenteak atzo iragarri zuen erreserbistez osatutako Guardia Nazionala eratuko dela, oposizioak eskatu moduan. Udazkenerako prest izango lukete eta gutxienez 12.000 lagun izango lituzke, baina behar izanez gero, handitu dezakete kopuru hori.