Jon ORMAZABAL
Txirrindularitza

Pilak goraino kargatuta

Omenaldi xume baina hunkigarria egin diete Ormaiztegin biharko Klasikoan arituko diren Izagirre anaiei jaioterrian, Ormaiztegin.

Morzinen lortutako Tourreko garaipena pizgarri eskasa balitz, nekez imajina dezake inork bihar Donostiako Klasikoan lehiatuko diren bi txirrindularien pilak bete-bete egiteko atzo Ormaiztegin izan zuten ekitaldia baino ezer eraginkorragorik. Omenaldi xume baina hunkigarria eskaini zien euren jaioterriak, atzo arratsaldez, goraino bete zen herriko plazan eta, bertan batu zen indarra eta miresmena pedalkadetara bideratzea lortuko balute, has daitezke, Jon Enrique alkateak agindu zuen bezala, atzokoa bezalako beste bat prestatzen.

Anaia gazteak aurreko larunbatean Tourrean lortutako garaipen izugarria izan zen adin guztietako bizilagunak bildu zituen festa bultzatu zuena, baina ormaiztegiarrentzat Gorkak eta Ionek banatu ezin den bikote bat osatzen dute eta aitorpenak ere, bi anaientzat behar zuen. Eta hala heldu ziren, batera, txirrindulari gaztetxoek euren bizikletekin egindako pasillotik udaletxeko atarira Movistarreko bi profesionalak.

Halako ekitaldietan ohitura bilakatu denez, aurreskuak egin zien diosala bi kirolariei, tartean oso ezagunak zituzten dantzariak zirela. Zailena, ordea, etortzear zegoen, udaletxeko balkoira irten eta bertaratutakoei hitz batzuk egitea egokitu zitzaienean. Ion izan zen hitza hartzen aurrena eta esandakoen artean kanpoan bizi arren, biak oso «harrikalari» sentitzen direla nabarmendu zuen eta umetan Mendizabalen gora eta behera ibiliz piztu zitzaiela zaletasuna.

Gorka anaiak ere ingurukoei urte hauetan guztietan emandako babesa eta maitasuna eskertu zien eta balkoitik horrenbeste aurpegi ezagun ikusteak, horietako asko aspaldian agurtu gabeak, gainera, urduri jartzen zuela ere aitortu zuen. Behin ekitaldia amaituta, Ion Izagirrek atzokoa Tourreko podiumean egotea baino dezente zailagoa izan zela onartu zion GARAri. «Tourrean podiumean irribarre egin eta azafaten bi musu jaso baino ez duzu egin behar, eta hemen horrenbeste jenderen aurrean hitz egin beharra...».

Dezente lasaiago, oroigarrien txanda heldu zen. Izagirre Anaiak peñakoak izan ziren haurrak –beren kamiseten kolore berdea nabarmentzen zen plazan– eta bertso polit bat zuen plaka bana eman zieten.

Udalaren txanda iritsitakoan, txapel bana bururatu zuten izagirretarrek eta ikusgarriena Goierriko txirrindulari eskolak eskainitako argazki erraldoiak izan ziren, bi anaien kirol unerik garrantzitsuenak biltzen zituztenak.

Ekitaldiari Gorka Maiz eta Endika Ibartzabal bertsolariek eman zioten amaiera eta hurrengorako lanak utzi zituzten, Gorka Izagirreren aburuz ez baita parte onekoa Ormaiztegiko ekitaldi guztietan Gabiriakoei deitu behar izatea.

Txirrindulariena lanbide zaildua dela baina senide eta lagunena ere sarri askotan oso gogorra izaten den jakitun, izagirretarren amak eta neskalagunek ere jaso zuten oroigarririk eta lore sorta bana eskaini zieten antolatzaileek.

Protokoloak amaituta, gaztetxoenen txanda heldu zen. Herrikidea izan arren, egunero ez dago Tourrean horren lan ona egindako bi txirrindulari parean izaterik eta autografo eta argazkien txanda etorri zen hurrena. Ilara luzea sortu zen udaletxe atarian eta Movistarreko bi txirrindulariek denboratxoa eman zuten ume eta zaharragoen eskariak asetzen.

 

Erronka berriak

Baina kirol profesionalaren gurpil zoro honek ez du halakoak dastatzeko aukera handirik ematen eta bi anaiek erronka berriak dituzte dagoeneko ate joka. Tourrean izandako erorikoan egindako zauriak osatu zaizkio Gorkari eta bihar anaia eta Alejandro Valverde laguntzen izango da Donostiako Klasikoan.

Are eta beteagoa da Ionen agenda; biharko hitzordu garrantzitsuaz harago, igandean bertan Rio de Janeirorako hegaldia hartuko baitu, lehendabizikoz Olinpiar Jokoetan parte hartzeko.

Bertako ibilbidea «gogortxoa» dela jakiteak mesede egin diezaiokeela dakien arren, ormaiztegiarrak oso ondo daki bere lehen eginbeharra taldekideentzat lan egitea dela. «Hautatzaileak oso argi dauka, Alejandro Valverde eta Purito Rodriguez bezalako bi lider izanda, gure lehen betebeharra horientzat lan egitea izango dela». Hori bai, pedal kolpe bikaina izanda, ikusi egin beharko da lasterketa nola joaten den eta bere aukerak ere izan ditzake Ion Izagirrek, erlojupekoa inolaz ere ahaztu gabe.