Ortzi MURUA-A. MANTEROLA
BAIONA

Elkarteen eta peñen ekarpen saihetsezina, jaien arrakasta bermatzeko

Aurten ere bistan geratzen ari da Baionako elkarteen ahalegina besta ahalik eta erakargarriak izan daitezen. Joko umoretsuak eta lehiaketa bitxiak ez dira falta izan, alaitasuna baliatuta kezka giroari buelta emateko.

Jakina da elkarte eta peñek oso parte hartze aktiboa izan ohi dutela euskal herrietako jaien antolaketan. Hala izan ohi da Baionako bestetan ere.

Atzo, Elkarteen Eguna izaki, agerian geratu zen, berriro ere, talde horiek egiten duten berezko ekarpena, urtero prestatzen dituzten ekitaldiekin. Klasiko batzuk jada saihetsezinak bilakatu dira (abesbatzak, txarangak, mota guztietako txapelketak, kirol probak, euskal kultura sustatzen dutenak, ikuskizunak, Corso karrozak...) baina, besta are eta erakargarriagoa egiteko, eskaintza berriak egiten edo galdutakoak berreskuratzen ere ahalegin handia egiten dute.

Hala egiaztatu zen atzo Triath’drole izendatu zuten joko saioarekin. Askatasunaren plazaren eta Boufflers etorbidearen tarteko eremua literalki hartu zuten xede horrekin.

Peñen arteko antzeko jokoen lehen edizioa duela 28 urte egin zen, baina baziren 18 bat urte ez zirela egiten. Arratsaldeko 16.00etatik goiti ekin zioten gogotsu eta, egia esan, antolatzaileek nahikoa lan izan zuten aurkeztu ziren 11 taldeak kontrolatzen.

Hitzematea Leoni

Hasteko eta lehiaketaren izaera umoretsua argi uzteko, halako itzuliño edo desfiletxoa egin zuten eta herriko etxeko balkoiraino igo ziren, bestak ondo igarotzen direla behatzen duen Leon erregearengana. Han «kirolarien hitzematea» egin zioten hari.

Street Art taldekoek hartu zuten hitza, lehiaren izpiritua ondo baino hobeto islatuz, adibidez, tranpak egitekotan, «gordeka» egin behar zirela gogorarazi zutenean. Euskarak ere bere tartea izan zuen Patxondo peñako lagunen aldetik.

Hortik aurrera hasi ziren kontu «serioak». Serioak? Oinetan palmak jantzita, launaka eskailera batek loturik eta orgatxoa eskuan hartuta eginiko errelebo lasterketan edo uztaien jokoan lehiatu ziren taldeak, epaileen begirada zorrozpean.

Tranpak tarteko, «harri-orri-guraize» eginez bukatu ziren joko asko baina, hala ere, kantuak eta tragoak elkarri eskainiz aritu ziren lehiakideak, bestetan garailea lagunartea eta umore ona direla bistan utzirik.

Jai giroko beste lehiaketa ikusgarria ere izan zen ostegun arratsaldean, Espainiako Ateko inguruetan: espartin jaurtiketa. Biarnotik inportatuta, iaz antolatu zuen lehen aldiz Or Konpon peñak eta izan zuen arrakasta ikusirik, aurtengoan ere berriro animatu ziren.

Orduan bezala, ikusmin handia piztu zuen txapelketa bitxiak eta oin puntetan kokatutako 300 gramoko espartin horia airera, ahalik eta urrutien, botatzen saiatu ziren lehiakideen ahaleginak txalo zaparradez eta animo oihuekin eskertu zituzten.

Aurtengoan 20 bikotek hartu zuten parte (horietako hiru neskak) eta jokalari irabazlea Jerome Bainconeau izan zen, iaz garaile geratu zen berbera. 23,5 metrora jaurti zuen espartina, baina ez zuen 2015eko bere marka gainditu. Alta, jaurtiketa laburrenaren marka apurtu zen, 40 zentimetrokoarekin.

Asteburua

Ikusten denez, jende asko ez dabilen arren, besta giroa ez da falta Baionan. Ohi bezala, gaurkoa eta biharkoa izanen dira jaietako egun nagusiak eta, beldurrak eta segurtasun neurriak gorabehera, bestazaleen presentzia ere emendatuko da.

Egitarauan askotariko aukerak izango dituzte Tradizioen Eguna den honetan, euskal eta gaskoi tradizioetako hamaika ekitaldi izango baitira: pilota, estropadak, bigantxak, bolo gaskoiak, Nafarroako jotak, abesbatzak...

Patxa plazan, berriz, bereziki gazteentzako egitaraua izango da, bazkaria eta kontzertuak izango direlarik.

Adin guztietarako eskaintza ugari izango da baina, hori bai, umorea eta jaia egiteko gogoa norberak jarri beharko ditu.