Iker AGINAGA
BILBO

Museoak markak hausten: arteak erakarritako jende ilarak

Arte Ederren museoak eguneko bisitari kopuruaren markak hautsi ditu bi asteazkenez jarraian: 6.608 abuztuaren 10ean, eta 6.778 aste honetan, hilaren 17an. Guggenheimen, orain arteko batez bestekoarekin jarraituz gero, inaugurazio urtearen osteko onena izan liteke 2016a. Arte Ederrenean, eskultura hiperrealistaren erakusketari zor diote arrakasta, Javier Viar zuzendariaren ustez. Guggenheimen, turismoak eragin handia duela dio Garapen zuzendariak.

Bilboko museoak albiste izan dira asteotan jasotako bisitariengatik. Zehazki, Arte Ederren museoak errekorrak hautsi ditu azkenaldian. Joan den asteazkenean 6.608 bisitarik gozatu zuten uztailaren 20tik ikusgai dagoen “Eskultura hiperrealista 1973-2016” erakusketa. Zifra, ordura arteko egun bateko kopuru handiena izan zen, baina ez da bertan geratu arrakasta. Asteazken honetan bertan, zazpi egun lehenago ezarritako marka gainditu zuen, 6.778 bisitarirekin.

Noski, ez da kasualitatea bi errekorrak asteko egun berean izatea. Asteazkenetan doakoa da sarrera Arte Ederren museoan, baina horrek bisitari kopurua handitu izanagatik, ez du esan nahi aipatutako zifrak ohikoak direnik. Museokoek luzatutako datuen arabera, 1.300-1.500 pertsona jasotzen ditu batez beste egun horietan, beraz, gorakada oso nabaria da asteotakoa.

Bi egun horiez harago doan arrakasta bizitzen ari da Bilboko museo hori. Hiperrealismoaren inguruko erakusketak 55.945 bisitari jaso ditu dagoeneko, ikusgai egon den 25 egunetan, hau da, eguneko 2.200 baino gehiagoko batez bestekoa.

Datuak pozik egotekoak dira, eta halaxe azaldu da Javier Viar zuzendaria. Errekorra «atsegingarria» dela onartzen du, eta museoak pizten duen interesaren berri ematen dutela datuek eta garrantzitsuak direla, baina argi dauka bisitari kopurua ez dela «museo baten arrakasta neurtzeko osagai bakarra».

Badirudi oso argi dagoela oraingo erakusketaren harrera onak ekarri dituela emaitzak, baina, zergatik izan du hainbesteko arrakasta erakusketak? Arte errealista oso korronte «ulerterraza» dela uste du Viarrek. Nahiz eta «sakonagoko interpretazioan zailtasunak agertu», lehen begiratu batean uler daitekeen artea dela nabarmentzen du. Beraz, artean adituak ez diren pertsonentzako ere erakargarria da eskultura hiperrealistaren erakusketa hau, zuzendariaren iritziz.

Gainera, «birtuosismo handiko» piezak izaten dira arte errealistakoak eta ikusleak «harritzen» dituen estiloa da, Viarren ustez. «Berehalakotasun» handiko erakusketa dela aipatzen du, emozioak sortzeko gaitasun handia duena eta, zenbaitetan, «ezinegona» sortzera hel daitekeena, «figura bizigabeek bizitasun maila hain handia iradokitzeak» sor dezakeen ezinegona.

Guggenheim-ek, «uda ona»

Dudarik gabe, Guggenheim da Bilboko ikonoetako bat eta honentzat ere, Arte Ederren museoarentzat bezala, asistentzia emaitza onak pozik egoteko modukoak dira.

Errekorrak hautsi gabe baina «uda on bat» izaten ari dela aipatu du Xabier Perez museoko Garapen zuzendariak, nahiz eta oraindik goiz den urte osoko emaitzak onak izango ote diren zehazteko.

Joan den urteko garai hauekin alderatuta, %10eko gorakada izan du bisitari kopuruak eta bere hamasei urteetako onena izan liteke batez besteko honekin jarraitzekotan. Aurten, bere historiako ekainik jendetsuena erregistratu du museoak. Uztailaren kasuan, aurtengoa inoizko bigarren jendetsuena izan da bisitari kopuruan eta abuztuak ere gorako joera dauka beste urteetakoekin alderatuta.

Perezek dioenez, publiko ezberdinetara ailegatzeko gaitasuna da Guggenheim museoaren emaitza onen gakoetako bat. Publiko «intelektualago» edo «artean interes berezia» daukan publikoarentzako eskaintza badu museoak, eta horren adibide Louise Bourgeois artistaren erakusketa bat. Aldi berean, hain espezializatuta ez dagoen jendeari interesa dakiokeen eskaintza ere badu, hala nola, Andy Warhol-i eskainitako aretoa. Nahasketa horretan datza arrakasta Perezen aburuz.

Nazioartean, Arte Ederren museoa baino ezagunagoa da Guggenheim eta hori nabarmen egiten da bata eta bestearen sarreran geratu eta entzun daitezkeen hizkuntzei erreparatuz. Javier Viarrek Guggenheimek ekartzen duen jendea bere museoarentzat ere onuragarria dela dio.

Bestalde, emaitzak hiriaren turismoak jasan duen gorakadaren isla izan daitezke. Hori nabarmenagoa da Guggenheim museoaren kasuan, bisitarien ehuneko oso handia atzerritarra baita, are gehiago udan. Arte Ederrenari dagokionez, bisitarien %63,8 EAEtik datoz, beraz, bere zuzendariak ez du hainbeste azpimarratzen turismoaren gorakada, baina argi dauka hirian jende gehiago egoteak museoari ere mesede egiten diola.