Asier AIESTARAN

Agurrak... eta aipamen bat

Amaitu dira Rioko Jokoak eta ataltxo honi ere iritsi zaio agur esateko garaia. Balantzeen eta laburpenen garaia da beraz, eta orokorrean, ziur hobe zitezkeen xehetasunen batzuk gorabehera, Olinpiar Joko ederrak izan direla iruditu zait. Batez ere, lehiaketak gogoan izateko hainbat une utzi dituelako, eta betirako oroituko ditugun hainbat izen, Michael Phelps eta Usain Bolt denen gainetik, Rioko Jokoei lotuta geratuko direlako.

Zehazki euskaldunoi dagokigunez, zer esanik ez, Maialen Chorrauten urrezko dominarekin gogoratuko gara Rioko Jokoak aipatzen dizkiguten bakoitzean, baina baita Ainhoa Muruak bere laugarren Jokoetan erakutsitako adore miresgarriarekin ere. Iñigo Peña, Ander Elosegi, Tania Calvo, Jonathan Castroviejo eta Jon Izagirreren olinpiar diplomak ere goraipatzeko modukoak dira, isilpeko lanari esker Jokoetarako sailkapena lortu zuten euskal kirolari guztiak bezalaxe, eta arrazoi desberdinengatik kanpoan geratu zirenak ere ez genituzke ahaztu behar –atzo bereziki gogoratu ginen Ivan Fernandez maratoilari arabarrarekin–.

Baina azken zutabe hau eskerrak emateko ere baliatu nahiko nuke. Lehenik eta behin, gaur egun goi-mailako kirolari diren horiekin txiki-txikitatik inolako aitorpenik jaso gabe lanean jarduten duten guraso, entrenatzaile, laguntzaile, auto-gidari, epaile, antolatzaile, garbitzaile eta horiek denak batera izateko ere gai diren pertsona anonimo horiei guztiei. Beraiek gabe euskal kirolak gaur egun bizi duen une osasuntsua ezinezkoa izango litzatekeelako.

Eskerrak baita ere lorpen horiek GARAn eta NAIZen kontatzeko aukera ematen diguzuen irakurle, erosle, bazkide eta modu batera edo bestera esku bat botatzeko prest zaudeten guztioi. Ez dira garai onenak komunikazio arloan profesionalki jardun nahi dugunontzat, baina zuen laguntzarekin oraindik ere lortzen dugu nola edo hala egunero egunkari bat kaleratzea den mirari txiki hori gauzatzea.

Eskerrak azkenik gure egutegi antisozial eta ordutegi gaupaseroak sufritu behar dituzuen lagun, senide eta bikotekideei, kirolariekin gertatzen den bezala gure kasuan ere zuen ulermena ezinbestekoa delako ahalegin honek denak zentzuren bat izan dezan. Eta bukatzeko, merezitako aipamena otsailean utzi gintuen Juan Carlos Elorza kazetari eta maisu handiari, erredakzio honetan bere irakaspenak ez ditugulako inoiz ahaztuko eta dagoen lekutik kirolarekin gozatzen jarraituko duelako, seguru.