GARA
GETXO

Argazki kameren bidez etendako denboraren joana

Argazkilaritza eta denboraren joana eskutik helduta etorriko dira aurten Getxora. Irailaren 1etik aurrera, argazkilaritzak denbora zein eratan «irudikatzen, iradokitzen eta komunikatzen» duen aztertuko du Getxophotok hogei erakusketaren bitartez.

Argazkilaritzak historian zehar denboraren igarotzea «irudikatzeko, iradokitzeko eta komunikatzeko» izan duen modua gaitzat hartuta Getxophotok hogei erakusketa ekarriko ditu herri bizkaitarrera irailaren 1etik urriaren 2ra bitartean. Hamargarren edizioa dela-eta, aurten jaialdiaren zuzendari Jokin Aspuru izango da erakusketen komisarioa, aurreko urtetan lan horretan aritu diren Alejandro Castellote, Frank Kalero eta Christian Caujollerekin batera.

Erakusketek Ereaga eta Algortako Portu Zaharraren arteko gunea hartuko dute. Horietako zenbait kanpoaldean ikusi ahalko dira, eta beste zenbait gunean dauden areto ezberdinetan. Hori bai, guztiek, denboraren joana izango dute ardatz nagusi eta herrialde ezberdinetako artisten lanez osatuta egongo dira, besteak beste Argentina, Japonia, Korea, Israel, Kanada, AEBak, Estatu frantsesa, Suitza edota Alemania.

Erakusketez gain, Getxophotok irauten duen hilabetean zehar zenbait ekintza ere egingo direla aurreratu dute antolakuntzatik, horietatik gehienak irailaren 1etik 4ra bitarteko asteburuan. Egun horietan Getxon izango dira erakusketetan parte hartzen dute zenbait egile, euren artean jaialdiko irekiera ekitaldian izango den Michael Wesely argazkilari alemaniarra. Horrez gain, Frank Kalerok ikus-entzunezko narratiba berrien gaineko masterclass bat eskainiko du Punta Begoña galerian, Michael Ackermanek hiru eguneko tailer bat egingo du eta zuzeneko interbentzioak, proiekzioak, bisitaldiak eta beste hainbat ekintza ere egongo dira.

Bestalde, edizio berezi honetarako Punta Begoña galeriaren eraikina jaialdiko gune garrantzitsu bilakatuko da. Izan ere, bertan bilduko dira Getxophotoko hiru erakusketa garrantzitsu: areto nagusia Michael Weselyren “Potsdamer Platz”-ek hartuko du, pasilloetako batean Luce Lebarten “Mold is Beautiful” egongo da eta lorategian, azkenik, Anna Katharina Scheidegger-en “Wrapped Coldness”.

Eraikin horretan ospatuko da ere jaialdiko irekiera ekitaldia eta, gainera, astebetez “Oheak” proiektua ere hartuko du: ohe bikoitzetan, “Phoenix” film alemaniarra ikusteko aukera emango duen zine areto txikia egokituko da. Aurten ere bisitaldi gidatuak eskainiko dira astebururo, tartean Zarautzeko Photomuseuma bisitatzeko aukera eskainiko duen Photowalka. Argazkilaritzaren gaineko elkarrizketez eta Getxoko tabernetan ibiltzeko aukeraz gain, aurten Bilboko hamar taberna bisitatuko dituen Baso-azpiko Ibilbidea ere antolatu dute.