GARA
BILBO

LAB preso eta iheslarien alde bihar Bilbon egingo den manifestazioan izango da

Gatazka politikoa gainditzeko bidean preso eta iheslarien auzia «lehentasunezkoa» dela iritzita, LABek bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuko du, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru duela.

“Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera” lelopean manifestazioa izango da bihar, Aste Nagusiko egun handian, Bilboko Moyua plazatik abiatuta, eta LABek parte hartzeko deia egin du. Sindikatuko ordezkaritza bat mobilizazioan egongo da, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru dela.

Hedabideei igorritako oharrean, LABek nabarmendu du Euskal Herriak estatu espainol zein frantsesarekin irekia duen gatazka politikoa gainditzeko bidean «lehentasunezko afera» dela presoena, eta gaineratu du auzi hau «ahalik eta lasterren» konpondu behar dela, alegia, «presoek, errefuxiatuek eta deportatuek herrira, lantokietara, familiara, azken batean, etxera itzuli behar dutela». «Giza eskubideen ikuspegitik eta gatazkaren konponbideari begira, dispertsioa amaitu eta euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzen dugu. Etxean nahi ditugu, aske nahi ditugu, eta horren alde lanean jarraituko dugu, lantokietan zein kalean, euskal preso politikoak etxera ekartzeko», adierazi du sindikatuak bere oharrean, non dei egin dien bere kideei manifestazioan parte hartzera eta preso eta iheslarien aldeko borroka lantokietan ere indartzera.

Biharkoa manifestazio jendetsua izatea espero da, ohi legez, baina ez da Aste Nagusian presoen eta euren senideen alde Bilbon antolatutako mobilizazio bakarra. Izan ere, besteak beste, iragan asteartean 300 lagunek elkarretaratzea egin zuten Udaletxearen aurrean eta gero omenaldia egin zieten senideei txosnagunean.

Gainera, astelehenean mobilizazioak izan ziren Altsasun (48), Bermeon (20), Ondarroan (47), Zaldibian (32), Iurretan (30), Altzan (16), Ataunen (16), Iruñean (PPren egoitzaren aurrean, 42).