GARA
SESTAO

LABen iritziz, ACBn garaile atera den bakarra enpresaren jabea da

LAB sindikatuak Lakuari aurpegiratu dio «diru publikoa multinazionalaren mesedetan» erabiltzea. Lakuako Gobernuak dioenez, diru laguntzak jasotzeko, datorren urteko deialdira aurkeztu beharko da enpresa.

«Multinazionala da hemen garaile ateratzen den bakarra», ohartarazi zuen LABek atzo ACB enpresaren egoerari buruz bidalitako oharrean. Sestaoko lantegiko 290 langileetatik 140 inguru lanera itzuliko dira irailaren 9an, zortzi hilabetean enplegua erregulatzeko espedientearen eraginpean egon ostean. «Zuzenean edo zeharka, ehunka langile geratu dira lanik gabe. Oraingoz enplegua dutenentzat lan baldintzak izugarri kaskartu dira. Zumarragako lantegia ere itxi dute eta hau guztia nahikoa ez, eta diru publiko kopuru itzela eskuratuko dute», salatu du sindikatuak, nahiz eta Lakuak esandakoaren arabera, enpresak oraingoz ezin duen dirurik jaso.

Sestaoko planta zabaldu ahal izateko, Arcelor Mittalek I+G proiektuak sustatzeko diru laguntza eskatu zion Lakuako Gobernuari, baina honek erantzun zuen hori «xantaia» zela eta ezin zuela dirurik eman datorren urteko deialdia egin arte, non laguntza hori eskatzen duten enpresen artean banatu beharko duten horretarako bideratutako partida.

Halere, langileek enpresarekin hainbat bilera egin dituzte eta, azkenean, UGT eta CCOOren baiezko botoekin eta ELA eta LABen kontrako jarrerarekin akordio bat lortu dute. Hala, lanean hasiko dira irailaren 9an, asteburuetan eta 12 orduko txandetan, argindarraren tarifa merkeenak erabili ahal izateko.

Lakua pozik agertu zen akordio batera iritsi zirelako, nahiz eta berak ez duen izan hor esku hartzerik. LABek adierazi duenez, «Jaurlaritza pozik agertzea eta galera guzti hau ontzat ematea ikaragarri iraingarria da kalean geratu diren guztientzat,, baita diru publikoa multinazionalaren mesedetan den operazio batean galduko dugula ikusten ari garen guztiontzat ere».

Gaineratu duenez, «diru hori garapen eta inbertsiorako izango den bermerik» ez dago, ezta «proiektu industrialaren jarraikortasunarekiko eta enplegua bermatzeko inolako konpromiso errealik» ere ez. Hortaz, «operazio honen guztiaren emaitza ez da gazi-gozoa, oso gazia da», ondorioztatu du oharrean.