GARA
BILBO

Preso gaixoen aldeko gose grebaren bigarren txanda hasi dute Huelvan

Huelvako kartzelan dauden euskal preso politikoek txandakako gose greba abiatu zuten iragan astean preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko. Ekimen honen bitartez, Aitzol Gogorza, gaixotasun larria duen preso errenteriarrak abuztuaren 6an hasi eta sei egunez egin zuen gose grebari hartu zioten lekukoa.

Lehen txanda Iker Olabarrieta Fiñuk, burutu ostean, Xabier Garcia Gazteluk hartu du zazpi egunetarako lekukoa, amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimenduak atzo adierazi zuenez.

Hain zuzen, mugimendu horretako kide Joxean Kortadik eta Fernando Lizeagak 11 egun bete zituzten atzo gose greban, hauek ere preso gaixoen askatasunaren alde. Atzotik eta igandera bitartean, Angel Erdozia, hau ere preso ohia, batu zaie ekimenean.

Borrokaldia Valencen

Bestetik, Aletxu Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea euskal presoak zigor ziegan (mitard) daude eta komunikazio greba daramate abuztuaren 8tik Valenceko kartzelan. Sakabanaketa eta urruntzearen aurkako borrokan ari dira Estatu frantseseko presondegi horretan.