GARA
IRUÑEA

Euskal artzain txakur lehiaketa izan da protagonista Uharte Arakilen

Badira 49 urte Aralar Mendi Elkarteak Uharte Arakilen Artzain Eguna ospatzen duela eta, atzokoan ere, euskal artzain txakur lehiaketak bereganatu zuen ikusleen arreta. Horrez gain, orain arte lehiaketan parte hartu duen emakume bakarra omendu zuten bere ibilbideagatik.

Urteroko ohiturari jarraituz Nafarroako Artzain Eguna ospatu zuten atzo Uharte Arakilen, Aralar Mendi Elkarteak antolatuta. Jada 49 urte dira jaia ospatzen dela eta euskal artzain txakur lehiaketa da egitarauko ekimenik arrakastatsuenetakoa.

Aurten, berezitasun gisa, orain arte Nafarroako artzain txakur lehiaketan parte hartu duen emakume bakarra omendu zuten, Pilar Elizalde Jaimerena. Hain zuzen ere, saria atzokoan txapelketan parte hartu zuen bere seme Joxe Mari Ixtilartek jaso zuen amaren izenean.

Eguerdian beste bi lagun ere omendu zituzten, Benigno Mendia Goikoetxea –saria bere alargun Maria Teresa Irigoyenek hartu zuen– eta Patxi Uriz Domezain. Mendiak sukaldaritzarekin, kulturarekin eta kirolarekin lotutako ekimen ugaritan parte hartzen zuen eta ardiki gisatuen txapelketan ere parte hartutakoa zen. Patxi Urizek, berriz, Goya saria jaso zuen “Hijos de la tierra” dokumentalagatik. «Lurrarekiko eta berarekin bat bizi direnen jakinduriarekiko errespetua bultzatzen du lanak, eta guk ere balio berak ditugunez, Patxiri omenaldia egitea aproposa deritzogu», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Sari banaketez gain, beste hainbat ekitaldi ere izan ziren, gazta lehiaketa esaterako. Aurten Artzain Gazte elkarteko lehendabiziko hamar postuetan gelditu diren gaztak Idiazabalen egiten den Euskal Herriko gazta lehiaketara joango dira.