Jose Manuel CASTILLO

NEANDERTALAK KANIBALAK ZIREN FROGAK AGERIAN

Belgikako Goyet aztarnategian lortutako gorpuzkiak aztertuz, Europa iparraldeko neandertalak kanibalak ziren lehen ebidentziak aurkitu dituzte. «Scientific Reports» aldizkariak argitaratutako ikerketan, Asier Gomez EHUko ikertzaileak ere hartu du parte.

Izugarri aldakorrak izan dira historian zehar gizakiek zein hominidoek oro har hildakoekin izandako portaerak. Neandertalek hildakoak lurperatzen zituztela jakina zen aurretik ere hainbat aztarnategitan lortutako frogei esker, frantses Estatuko Chapelle-aux-Saints edo Iberiar Penintsulako Sima de las Palomas kasu. Neandertal gizakiek hildakoen haragia jaten zutela eta hildakoen hezurrak tresnak lantzeko erabiltzen zituztela ere jakina zen Europa hegoaldeko hainbat aztarnategitan lortutako frogei esker. Bada, berrikuntza, oraingoan, neandertalak kanibalak ziren frogak lehendabiziko aldiz Europa iparraldean ere, Belgikako Goyet aztarnategian zehazki, aurkitu izana da. Izan ere, orain artean kanibalismo frogak Estatu frantsesean eta Iberiar penintsulan soilik aurkitu izan dira, inoiz ez iparraldeko 50 paralelotik gora.

Goyeteko aurkikuntzen berri, “Scientific Reports” zientzia aldizkari prestigiotsuan eman dute. Europa iparraldean aurkitutako neandertalen gorpuzki-bilduma zabalena aztertzen, berriz, Asier Gomez Olivencia Ikerbasqueko eta EHUko Paleontologia eta Estratigrafia saileko ikertzaileak ere hartu du parte. GARAri eginiko adierazpenetan ikerketa prozesua azaldu du Gomezek: «Guk aurreko indusketa batean aurkitutako neandertal familia baten hezurrak aztertu ditugu; lau heldu eta haur bat guztira. Bada, ebakidura markak zein hezur-mamia ateratzeko berau apurtu izanaren perkusio-markak aurkitu ditugu. Aztarnategi berean aurkitutako fauna hondakinekin konparatuz, berriz, ondorioztatu ahal izan dugu neandertalek modu bertsuan kontsumitzen zituztela animaliak zein hildakoak». Zehazki, Goyeteko Hirugarren Haitzuloan aurkitutako zaldi eta elur-oreinekin alderatu dituzte hezurrak, neandertalek hiru espezieak elikadurako baliatu zituztela ondorioztatuz.

Neandertalen gorpuzkiei egindako datazioari esker, neandertalak Goyaten duela 40.500 urte eta 45.500 urteren artean bizi izan zirela ondorioztatu ahal izan da. Ikerketaren hurrengo pausoa, hondakinen kontserbazio egoera apartari esker, gorpuzkien DNA mitokondriala berreskuratzea izan da. Horrela, beste neandertal batzuen DNArekin konparatuz, Goyeteko neandertalak genetikoki Feldhoer (Alemania), Vindija (Kroazia) edota El Sidrón (Asturias) aztarnategietakoen oso antzekoak direla egiaztatu dute. Ikertzaileentzat, berdintasun genetiko horrek argi erakusten du Europan bizi ziren neandertalen populazioa oso urria zela.

Giza hezurrak, harria lantzeko

Asier Gomezen esanetan, egin duten bigarren aurkikuntza garrantzitsuena neandertalek giza hezurrak harria lantzeko erabiltzen zituztela frogatu izana da. Izan ere, orain arte hiru aztarnategitan baino ez dira aurkitu neandertalek harrizko tresnak lantzeko gizakien hezurrak erabili izanaren zantzuak. Kroaziako Krapina aztarnategian, adibidez, femur zati bat aurkitu zen, edota burezur zati bat frantses Estatuko La Quina aztarnategian. Belgikako indusketetan lortutako gorpuzkien artean, ordea, harrizko tresnak moldatzeko erabilitako bost gorpuzki aurkitu dituzte, eta horrek ia bikoiztu egiten du orain arte aztarnategi bakar batean erregistratutako guztia. Neandertalek errekarriak erabili ohi zituzten harrizko tresnak zizelkatzeko, baina aurkikuntza berri honek giza hezurrak ere erabiltzen zituztela ezagutarazi du.

Ikerketak oraindik luzerako joko duela azaldu du Asier Gomezek. Izan ere, kanibalismo ebidentziak «lan sakonago baten» aurkezpena baino ez dira.

 

«Neandertalek ez zuten hildakoak tratatzeko edo hilobiratzeko kultura bakarra»

Asier Gomez Ikerbasqueko ikertzaileak argi du neandertalek ez zutela hildakoen gorpuzkiak tratatzeko kultura homogeneo bat. «Neandertal batzuek hildakoak lurperatzen zituzten eta beste batzuek, Goyetekoek kasu, elikatzeko edota lan-tresna gisa erabiltzen zituzten», azaldu du. Feldhoer (Alemania) nahiz Spyko (Belgika) aztarnategietan aurkitutako eskeleto zatien zein beste hainbat elementuren azterketak azaleratu dute aurkikuntza. Izan ere, neandertal horiek lurperatu egin zituztela ondorioztatu ahal izan da, eskeletoak osorik eta uzkurturik agertu baitira. Beraz, nahiz Europan neandertal populazioa txikia izan, euren kultura oso anitza izan zela esan daiteke. Hildakoekin jokatzeko moduak berak ematen du horren berri: batzuek hilobiratu egiten zituzten bitartean, beste batzuek jan egiten zituzten. J.M. CASTILLO