Surflari ernegatua

Slater miresten dut

Oraintxe bertan ez da Euskal Herrian Aritz Aranbururen fama eta ibilbidea gaindituko duen beste surflaririk, baina badira gure artean, surflarien komunitatean, nahiko ezagunak diren edo pixkanaka gero eta ezagunagoak diren surflariak. Zahartzen noan neurrian haien ibilbideen berri izan eta bizitzan zein maila pertsonalean zer-nolako bilakaera izan dezaketen aztertzea gustatzen zait. Zati txikiek osotasun bat eratzen duten modu berean, bizitzako arlo guztien baturak eta haiekiko jarrerak norberaren izaerari forma ematen diote, eta, ondorioz, surflariek ere, surfaz harago, gainontzeko eremuei zer-nolako betaurrekoekin begiratzen dieten entzutea maite dut. Besteen iritzien berri izatea, ordea, oso zaila da. Paradoxikoki, ideien berri emateko inoiz baino bitarteko gehiago dauden garaiotan, norbanakoek eta bereziki kirolariek, esateko inoiz baino gutxiago dutela dirudi.

Norbaitek imajinatzen du euskal kirolari bat Petronor edo Euskaltel bezalako enpresen jarduna gaitzesten? Edo lege zehatz bat kritikatzen? Imajinatzen duzue gustuko duzuen kirolari kuttuna politikaz hitz egiteko mahai inguru batean parte hartzen? Ordena mundialaren, erlijioaren edo Ekialde Hurbilean diren gerren inguruko galderak erantzuten? Zorionez, bai, badira horretarako gaitasuna duten kirolariak, baina, orokorrean, gehienak isilik egoten direla esango nuke. Kirolariak kirolaz harago ezer gehiago ikusi beharrik ez duen ideiak indar handia du gurean, eta, horrek, noski, bere isla dauka, ez baitago pertsona baten garapena zikiratzeko modu hoberik haren burmuina gauza bakar batera mugatzea baino.

Kelly Slater da salbuespen urri horietako bat. Telebista aurrean bere iritzi politikoen berri emateko gai da, baita zuzen argudiatzeko ere. Bere herrialdeko enpresa indartsuei aurre egin izan die, Monsantoren aurkako manifestaldietan kasu, eta AEBetako Gobernuak terrorismoa aitzakia hartuta gehiegikeria anitz egiten dituela salatu izan du. Israel eta Palestinaren arteko enfrentamendua guztiz desorekatua dela ere esan zuen, eta sekulako kritikak jasoarazi dizkioten beste zenbait iritzi ere eman ditu. Hori bai, beti oso ongi argudiatu ditu bere ideiak eta garbi du gai desberdinak ez direla eremu isolatuak, guztiak daudela maila batean edo bestean elkarlotuta.

Nik neuk batere gustuko ez dudan “munduko hiritar” kontzeptuari esanahi bat zentzuz ematen entzun dudan lehen surflaria ere bada Slater. Izan ere, surf munduan hitzetik hortzera erabiltzen den definizioa da; ohikoa da, ohikoegia, “ciudadano del mundo” zarela esatea. Baina gutxi izango dira, gutxiegi, egiaz zer diren edo zer esan nahi duten azaltzeko gai direnak. Berriki, elkarrizketa batean Slater kontzeptu hori luze eta zabal azaltzen entzun dut eta azken esaldian honela zioen: «Ez dut nazioetan hainbeste sinisten, pertsonetan baizik. Badakit hau esanda naif itxura ematen dudala, baina horrela pentsatzen dut». Ni ez nago ados, ez aipatu kontzeptuarekin, ezta ematen dituen azalpenekin ere. Baina errespetu bat merezi du: hitz egitera ausartzen den bakanetakoa da eta ideia propioak ditu. Horrek nigan miresmena sorrarazten du, irabazten duen txapel edo titulu bakoitzak baino gehiago.