Jon LEUNDA
errugbia

Ilusioa itzuli da Biarritzera

Talde lapurtarrak bikain ekin dio Pro 2 Mailako denboraldiari, eta denak gora begira jarri ditu, hori baita taldearen helburua.

Biarritz Olympique taldeak Top 14ra itzultzeko asmoarekin ekin dio denboraldi berriari, eta egia esan, aurtengo hasierak ez dauka iazkoarekin zerikusirik. Pasa den urtean aurreneko zortzi partidak galdu zituen talde zuri-gorriak, eta aurten aurrenekoa 25 eta 6 irabazi dio Narbonari.

Irabaztea baino gehiago izan zen, ordea; emandako itxurak ere asko balio baitu, eta Agileran batu ziren 7.000 ikusle pasarentzat hori oso ona izan zen. Taldeak sentsazio oso onak utzi zituen, eta horrek itxaropena indartu egin du.

Denboraldiaren aurrekoak ere iazkoarekin ez du zerikusirik izan. Iaz Avironekin batzeko ziren kontu horiek ez zien inongo mesederik egin, taldea oso berandu egin baitzen, eta hori lehen jardunaldietan nabarmendu zuten. Gero, hasiera txar horri buelta ematea ikaragarri kostatu zitzaion Biarritzi.

«Gauza oso politak egin ditzakegula erakutsi genuen pasa den ostiralean jokatu genuen partidan. Sentsazio onak izan genituen, baina hau hasi besterik ez da egin», esan zuen Johann Lourdeletek, Biarritz taldeko jokalariak. «Etxean oso indartsuak izango garela agerian utzi genuen, eta guri hemen, Agileran, irabaztea oso zaila izango dela ere bai. Agileran zaleen babes handia izaten dugu, eta hori baliatu behar dugu. Orain etxetik kanpo lortu behar dugu erregulartasuna, baina hau hasiera besterik ez da eta lan asko dago egiteko», erantsi zuen Lourdeletek.

 

Aldaketak

Biarritzen izan dira aldaketak, batzuk joan eta besteak etorri, eta joan direnen artean Ngwenyaren izena agertzen da. Amerikarrak urte asko eman ditu Agileran, eta Biarritzen unerik ederrenetakoak ere bizi izan zituen. Zaleek ere asko maite zuten, baina adinak ez du barkatzen, eta taldeak ez dio kontratua berritu.

Ngwenyarekin batera, Boussuge, Broster, Burotu, Coet Lannes, Davies, De Luca, Clement, Ikapote Fono, Ueleni Fono, Erik Lund, Noirot, Puleoto eta Waenga izan dira taldea utzi dutenak. Assi (Aix-en-Provence), Delai (Stade Montois), Fortassin (Arroxela), Giudicelli (Tarbes), Kiernan (Avignon), Loustaunau (Maule), Luku (Stade Montois), Manu (Tarbes), Mabou (Zeelanda Berria), Singer (Lyon), Synaeghel, Roumieu eta Vaka (Arroxela), izan dira Agilerara etorri diren jokalariak. David Darrikarrere izango da entrenatzailea, eta lehendakaria, berriz, Biarritzen garairik onenetako jokalari izan zena: Nicolas Brusque.

Etorri direnen artean, hiru jokalari ezagunak dira Lapurdi aldean, eta horietako bat Thomas Synaeghel da. Lehen ere Biarritzen aritutakoa da bi urtez, beraz, ongi ezagutzen ditu Agilerako zokoak, eta aurtengo denboraldirako jokalari garrantzitsua izan beharko luke. Beste biak, David Roumieu eta Saimoni Vaka Avironen jokatutakoak dira, eta hauek ere eskarmentu handikoak dira eta maila honetan ezberdintasunak markatu behar dituzten horietakoak dira.

Jokalari hauekin guztiekin Biarritzek goian ibili nahi du, baina jakin badaki igotzeko helburu hori ez dela erraza izango, Bigarren Maila honetan talde asko baitira maila nagusira igo nahi dutenak. Izenez eta tituluz, ordea, Biarritzek hor ibili beharko luke, baina ezin ahaztu Perpinya ere, lapurtarrekin batera orain dela urte gutxi Top 14ko talderik nagusietakoa baitzen. Stade Montois, Aurillac edo Albi taldeek ere asmo eta helburu berak dituzte, eta atzetik ere ezusteak beti izaten dira.

Iaz Lyonek oso azkar lortu zuen lehen postua eta denboraldia bukatzeko jardunaldi batzuk falta zirela Top 14ko taldea bihurtu zen, baina gero finalerdiak jokatzeko ondorengo lau postuak lortzeko borroka handia izan zen, eta aurten ere ez da gutxiago espero.  

 

Usarraga: «Igoerako borrokan ibili nahi dugu»

Asier Usarraga gipuzkoarrarengan itxaropen asko jarri dituzte Biarritzen. Iaz minutu asko izan zituen, eta aurten ere asko jokatzeko aukera izango du, bere lekurako lehia izango badu ere. Aurtengo helburuak zeintzuk diren garbi dauka. «Goian ibili nahi dugu, gutxienez igoerako kanporaketak jokatu», dio. «Iaz oso gaizki hasi ginen, eta gero bigarren itzuli ona egin arren, hasierako oker hori hor zegoen», eransten du.

Aurten gauzak beste era batera ikusten ditu gipuzkoarrak. «Udaran ere gauzak ezberdin egin ditugu, eta uste dut hasieratik ikusi dela. Gu ilusio handiarekin gaude, eta zaleak ere horrela ikusten ditut», dio. Jokalari berriak ere ongi moldatu direla esaten du. «Berri dezente etorri dira, baina une honetan denak etxekoak bezala dira», esaten du gipuzkoarrak. Zer egin behar den ere garbi dauka. «Etxean dena irabazi behar da, eta kanpoan puntu asko atera behar ditugu goian ibili nahi badugu», esan du jokalari gipuzkoarrak. J.L.