Amaia U. LASAGABASTER

Mendilibar: «Taldea ondo jokatzen eta puntuak lortzen ari da»

Ez zuen partida perfekturik ikusi, batez ere bigarren golaren ondoren bere taldea zertxobait erlaxatu zelako, baina Jose Luis Mendilibarrek poz-pozik amaitu zuen Realaren aurkako derbia. Entrenatzaile zaldibartarraren ustetan, joko ona eta emaitza bikaina uztartu zituen atzo Eibarrek, denboraldi hasiera honetan oro har egiten ari den bezala.

Joko dotorea, emaitza ona eta Jose Luis Mendilibar, gainontzeko gorri-urdinak bezala, pozik. Ez zen, hala ere, partida perfektua izan, entrenatzaile bizkaitarraren ustetan. «Atsedenaldian baloiak aurkariaren zelaian egon behar zuela nabarmendu diegu jokalariei –azaldu zuen–, baloia azkar eraman behar zela bertara, horrela heltzen baitira aukerak eta golak. Baina bigarren gola sartu ondoren, ez dakit partida amaituta zegoela pentsatu dugulako edo, baloia atzera botatzen hasi gara, gure atezainari pasatzen... Aurkariak ez bazaitu atzera bultzatzen, zuk ezin duzu horrelakorik egin. Berriro ez gertatzea espero dut».

Horixe izan zen, edozein kasutan, Mendilibarren kexa bakarra partida dotore baten ondoren. «Pozik nago –onartu zuen–. Emaitzarekin eta jokoarekin. Hasiera orekatuagoa izan da eta penaltiaren jokaldiarekin oso ondo ipini zaigu. Baina penalti bat hutsegin eta gero, nerbioak sor daitezke. Taldeak, berriz, lasai jarraitu du, prisa barik. Eta lehen gola sartu ostean, partida guztiz menderatu dugu, aukera asko sortuz. 2-0 amaitu da baina emaitza handiagoa lortzeko moduko aukerak ere izan ditugu».

Irakurketa positiboa ez dagokio bakarrik atzoko neurketari. Mendilibar oso pozik dago, oro har, bere taldea denboraldi hasiera honetan egiten ari denarekin. «Sei partida, hamar puntu, jokoa bera ere... Hasierako jokoa beharbada... Bigarren jardunaldia [Valentziaren kontrako norgehiagoka] izan zen orain arte egin dugun partidarik txarrena eta irabazi egin genuen... Baina orain biak uztartu ditugula uste dut, taldea ondo jokatzen eta puntuak lortzen ari da, eta, hala, oro har dinamika onean gaudela uste dut», azpimarratu zuen, taldeak bi partidetan kanporatzeak sufritu dituela ahaztu barik. «Gaur [atzo] abantailarekin jokatu dugu zentzu horretan, baina beste partida pare baten jokalariak galdu ditugu eta taldea ez da makaldu. Malagan ere, aldaketa askorekin, taldea ondo egon zen, aurretik jarri zen markagailuan, amaieran galdu arren. Jokalariak zoriondu behar ditut, den-denak lanean gogoz ari direlako», azpimarratu zuen. «Niretzako zailena deialdiak egitean jokalariak kanpoan uztea da», aitortu zuen.

Adierazpenak

«Eusebioren kexak ulertzen ditut. Neuk ere ez dakit jokaldi horretan txartel horia ala gorria atera behar den»

Jose Luis MENDILIBAR

Eibarko entrenatzailea

«Garaipen garrantzitsua izan da, batez ere Ipuruan sendo jarraitzeko balio duelako»

Sergi ENRICH

Eibarko jokalaria

«Gure jokoarekin eta zaletuen indarrarekin Ipurua aurten gotorleku bilakatzea espero dugu»

Ander CAPA

Eibarko jokalaria

«Asko poztu nau taldea lagundu izana nire lehen gola sartuz. Izan ere, oso gustura nago Eibarren lanean»

BEBE

Eibarko jokalaria

Protagonistak

Riesgo. Bere talde ohiak ez zion inolako lanik eman.

Capa. Sasoi bikainean ekin dio denboraldiari. Gasolina soberan du: erasora alaitasunez igotzeaz gain –lehen goleko pasea eman zuen–, hegalean atzera egiteko indarra azken unera arte izaten du.

Galvez. Bere partida onena, agian inoiz baino lan gutxiago izan zuelako. Erasora ere igo zen, arriskua sortuz.

Lejeune. Postuari eutsi dio frantziarrak eta gero eta konfiantza handiagoa agertzen du. Serio aritu zen.

Luna. Asteartean atseden hartu zuen arren, aurreko partidetan baino apalago ibili zen erasoan. Oyarzabal eta Prieto zelairatzearekin lan gehiago izan zuen.

Escalante. Zelai erdi indartsua osatzen du Dani Garciarekin. Aukera duenean igotzea gustuko duela erakusten du, eta atzokoan ere horrela egin zuen, emaitza ezin hobearekin.

Dani Garcia. Kapitaina, hitzaren zentzu osoan. Une goxoan dago eta taldeak bere lana eskertzen du.

Pedro Leon. Penaltia hutsegin zuen, baina jokaldi horrek ezin du egin zuen guztia ilundu. Zuri-urdinek berarekin amets egingo zuten bart.

Bebe. Irregularra baina erabakigarria. Eskuinkada gogor batekin 2-0ekoa sartu zuen.

Enrich. Nekaezina. Golik ez zuen sartu, gertu egon arren, baina egiten duen lan itzelak ezinbesteko jokalari bilakatzen du.

Kike. Lan asko baina bolbora gutxi. Espero zen baino gutxiago eskaintzen ari da.