Jessica MARTORELL
Efe

AGINTARIEK KAZETARIAK ETA PRENTSA ASKATASUNA ETSAI BIHURTU DITUZTE BURUNDIN

Burundiar askok etxea utzi eta ihes egitea beste irtenbiderik ez dute azken bolada honetan. Ndikumana kazetaria Kenyan bizi da, bere lanak agintarien etsai bihurtu baitzuen. Ez zuen Burundin segitzerik. Itzuli nahi du, baina oraingoz ez du horretarako aukerarik.

Esdras Ndikumana burundiar kazetaria iaz atxilotu zuten, Burundiko Gobernuko goi kargu baten erailketaren berri ematen ari zenean. Inteligentzia zerbitzuko kideek sekulako jipoia eman zioten amaiezinak egin zitzaizkion bi ordutan. Gertatutako gehiegikeria salatzen ahalegindu zenean, «bizirik egoteagatik zortea daukazu» esan zioten.

Burundiko kazetariak herrialdea utzi beharrean ikusi zuen bere burua. Orain Nairobi Kenyako hiriburuan bizi da. Bertan esan digu Gobernuak hedabideei ezartzen dien presioak ez duela etenik. «Bere etsaitzat dauzka kazetariak», adierazi du Efe berri agentziari eskainitako elkarrizketan.

Jean Bigirimana kazetariak bi hilabete daramatza desagertuta. Burundiko Inteligentzia Zerbitzu Nazionalak atxilotu zuen eta geroztik ez dute etxean bere berririk izan. Familiak uste du aukerarik okerrena baieztatuko dela azkenean; hilda dagoela, alegia.

CPJ Kazetariak Babesteko Batzordearen arabera, dagoeneko ehunen bat kazetari behartu dituzte Burunditik ihes egitera. Izan ere, iazko apirilean Pierre Nkurunziza presidenteak hirugarren agintaldirako aurkezteko asmoa zuela jakinarazi zuzenetik –nahiz eta Konstituzioak gehienez bi agintaldi onartzen dituen–, Burundin torturak «eguneroko ogi» bihurtu dira.

«Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean, erabateko inpunitatea dago herrialdean. Errepresioak gora egiten du etengabe eta une honetan sistematikoa da», esan du Ndikumanak, Burundin kazetari lanetan 30 urte baino gehiago egin ondoren.

Atentatua hiriburuan

Ndikumanaren amesgaiztoa AFP France Presse agentziarentzat korrespontsal lana egiten ari zela hasi zen. Adolphe Nshimirimana Inteligentzia Zerbitzuko goi kargu eta presidentearen ondokoaren heriotzaren berri ematen ari zen. Hildakoaren ibilgailuari eraso egin zioten Bujumbura hiriburuan.

Egun haietan Nkurunzizak herritarren protesten artean egindako hauteskundeak erraz irabazi zituen, nazioartean hauteskunde iruzurra salatzen zen bitartean. Ndikumana argazkiak egiten ari zen, beharrezkoak ziren baimen guztiak lortu ondoren, berak esplikatu duenez. Halako batean Inteligentzia zerbitzuko agente batzuk hurbildu zitzaizkion; atxilotu egin zuten. Beste sei lagun zeuden kamioi batean sartu zuten. Atxilotuta zegoen emakume bat agenteek eraman zuten hildako jeneralaren heriotzaren aurrean «barre egiteagatik».

«Guztiek ikusi zuten han zer gertatu zen», salatzen du Ndikumana kazetariak, une hartan 200 lagun inguru baitzeuden bera atxilotu zuten lekuan, Gobernuko zenbait kide barne. Beraz, horiek guztiak atxiloketaren lekuko izan ziren.

«Ibilgailuan sartu ondoren, lurrean etzateko eskatu zidaten. Oinetakoak eta galtzak kendu zizkidaten. Metalezko barra batekin kolpeak ematen hasi ziren», kontatzen du kazetariak, kolpe bakoitza non eman zioten adierazten duen bitartean: bizkarrean, oinetan, hankazpian... «Diru-zorroa lapurtu zidaten. Baita urrezko kate txiki bat eta nire ezkontza-eraztuna ere. Eraztuna kentzen ari zirela konturatzean, aurka egiten saiatu nintzen, baina orduan metalezko barrarekin hatzetan jotzen hasi zitzaizkidan», esplikatu du malko artean.

Prentsa eskubideak atzera egin du

Halako batean tortura saio hura ere amaitu zen. Agente bat hurbildu zen bera jipoitzen ari ziren lekura eta torturatzaileei esan zien nagusiak kazetaria ikusi nahi zuela. Une horretan eraman zuten Inteligentzia Zerbitzu Nazionalaren egoitzara. Bertan salatu zituen jasan behar izan zituen tratu txarrak. «Bizirik egoteagatik zortea daukazu». Hitz horiek entzun behar izan zituen gertatutakoa salatu zuenean. Agintariek beste aldera begiratu zuten beste behin. Une honetan bere salaketari beste askori gertatutakoa gertatu zaio eta salatutako krimenak zigorrik gabe geratu dira.

Kazetariak egiten duen irakurketaren arabera, egungo gatazka politikoa hasi aurretik Burundi Erdialdeko Afrikako herrialderik onenetakoa zen prentsa askatasunari dagokionez, baina iaztik aurrera altxor hura erabat suntsituta dago.

Geroztik ehunka pertsona hil dituzte Burundin eta 400.000 burundiar inguruk beren etxeak utzi eta ihes egin dute, NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera. Nazio Batuek aditu talde bat bidali dute herrialdera eraso sexualen, bortxaketa kolektiboen, desagertzeen eta hobi komunen inguruko salaketak ikertzera.

Beren etxea utzi eta ihes egindako 400.000 lagun horietako 300.000 inguruk herrialdea ere utzi dute, joan den ostiralean ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak ezagutzera eman zituen datuen arabera. Makamba, Cankuzo, Kirundo eta Ruyigi probintzietatik irten da errefuxiatu kopururik handiena, eta arrazoia beti bera izaten da: indarkeria atzean uztea, William Spindler eledunak jakinarazi duenez. Ihes egitea erabaki zutenen kopurua handiagoa izan zen iaz, baina orduan alde egindakoei aurten egindakoak erantsi behar zaizkie, eta kopurua gora doa. Aurtengo uztailean eta abuztuan 20.000 burundiar inguruk egin zuten ihes, eta itxura guztien arabera datozen hilabeteetan egoerak gaiztotzen jarraituko du. Beraz, Tanzaniak, Ruandak, Ugandak eta Kongoko Errepublika Demokratikoak arazo ugari izango dituzte iheslari horiek guztiak hartu eta behar bezala babesteko.