Idoia ERASO
BAIONA

Bizik trantsizio energetikoa «emeki eta nekez» egiten ari dela erran du

2014ko hauteskundeak eta gero, trantsizio energetikoa ziurtatzeko neurriak hartzeko ituna sinatu zuten 30 udalek Bizik proposatuta. Hartutako engaiamenduetatik ekintzetara igarotzeko emandako pausuak neurtu ditu orain talde ekologistako Hitza Hitz batzordeak.

2014ko hauteskundeen ondotik Bizi talde ekologistak Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeetara jo zuen trantsizio energetikoa ziurtatzeko neurri ezberdinak jasotzen dituen “tresna kutxa” batekin. Orduan, biztanleen %75 biltzen dituzten 30 udal aurrerapausoak ematera engaiatu ziren. Bi urte geroago, Hitza Hitz batzordeak lehen neurketa egin du, engaiamendu maila «oso ezberdinak» daudela egiaztatuz.

Mugimendu ekologistatik trantsizio energetikorako «bidea emeki eta nekez» egiten ari dela baieztatu dute. Gaineratu dutenez, «larrialdi klimatikoaz ebaluatzaile bakoitzak duen ikusmoldeak» baldintzatzen du emaitzen balorazioa, eta, hala, herriko etxeetatik ez da auzia beti berdin ikusten. Hori bai, «laster abiaduraz aldatzea beharrezkoa izanen da, eta Biziren ’tresna kutxa’ hor da une horretarako», nabarmendu dute.

Orotara, 360 ekintza aztertu dituzte ituna izenpetu zuten 30 herrietan. Bada, sinatzaileen artean bi herenak, ituneko ekintzak hautatzera mugatu dira. Gehien gauzatu dituen herria Bokale izan da (40), gero Baiona (35), Kanbo (29) eta Angelu (27) daudelarik. Beste udal batzuek ez dute engaiamendua indarrez bete, hiru soilik gauzatu dituen Ahurtik bezala. Ekimenak eremu ezberdinetakoak dira, izan mugikortasuna, energia, eraikuntza, hondakinen kudeaketa...

Aitzinamendua handitzeko, izenpetzaileen kopurua handitu nahi dute. Sinatzaileek ekintzen kopurua handitzea eta biztanleak eragile izatea ere badute xede. «Herriko etxeei aitzinamendua neurtzea eskatu diegu, baina gure nahia herrietan biztanle sare bat osatzea da, egitasmoa iraunarazteko».

Hurrengo neurketa bi urte barru egingo dute. Bitartean, tokian tokiko laguntzaileen dinamizazioan lan egingo dute.