Maider IANTZI
DONOSTIA

«Sortu dugun ilusioak urratsak egiteko balioko du»

Jasone Agirre, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Miren Larrionen aurpegiek hauteskunde gau luze baten arrastoak zituzten atzo goizean Donostian, baita kanpaina bizi baten biharamunarenak ere. Baina, batez ere, kontent zeuden «sekulako boto errekuperazioa» izan dutelako. Ordu gutxi lehenago lotaratutako EH Bilduko ordezkarien lehen hitzak bultzada eman dieten lagun guztiei eskerrak emateko izan ziren. «Aparteko ilusioa sortzen jakin dugu, eta horrek urratsak egiteko eta ildoak finkatzeko balioko du», adierazi zuen Iriarte Gipuzkoako zerrendaburuak. Koalizio independentista hauteskundeotan proiektu zehatz bat mahai gainean argi jarri duen indar bakarra izan dela erantsi zuen.

Otegik azaldu zuenez, proiektu hori hauteskundeetatik harago doa: erabakitze eskubidearen inguruan akordio zabal bat eskaini nahi diote Euskal Herriari, eta horretan bidelagun izan nahi dituzte ez soilik EAJ eta Podemos, baita sindikatuak, eragile sozialak eta herri sektoreko mugimenduak ere. Eskua luzatuta dute denentzat. Bereziki jeltzaleei zuzendu zitzaien Otegi, hauteskunde gauean Sabin Etxean «independentzia!» oihukatzen zutenen desioa hori dela erranez. 75 legebiltzarkideetatik 57 erabakitze eskubidearen aldekoak izanen direla eta gehiengo hori eraginkor egitea borondate kontua dela azpimarratu zuen. Independentismoarentzat eta arazo politiko eta sozialak konpontzeko hagitz emankorra izan daitekeen legegintzaldia baliatzeko deia egin zuen.