GARA
GASTEIZ

Alonso (PP): «EAJrekin batera gehiengoa osatzeko gaitasuna dugu»

Emaitza kaskarra lortu zuen PPk igandean, baina aurreikuspenak are txarragoak zirenez pozik dago Alfonso Alonso alderdiko EAEko presidentea. Legebiltzarkide bat ere galdu dute, 2012ko koadroarekin alderatuz, baina dituzten bederatzi eserlekuen garrantzia nabarmendu nahiago dute. Eta horretarako, Ganberako bederatzi boto horiek EAJrekin batera gehiengo osoa osa dezaketela argudiatu dute.

Ez dirudi EAJk PPrengana hurbiltzeko gogorik –ez eta beharrik ere– duenik, askoz gertuago duelako PSE, hau ere bederatzi legebiltzarkide dituena. Baina Alfonso Alonsok horretarako aukera azpimarratu du, bere alderdiaren emaitza goraipatzeko helburuz. «Oso posizio interesgarria eta eragiteko aukera handia dugu, baldin eta ibili nahi den bidea PPk jorratzen duena bada», zehaztu du.

Testuinguru honetan, EAJk noiz deituko dien zain ageri da Alonso, urduritasun puntu batekin. Atzo eguerdian dagoeneko telefono deirik ez jaso ez dutela-eta aztoratuta zebilen EAEko PPko presidentea.

«Bilera egin arte ez dugu jakingo Euskadin burujabetza prozesua abiatzeko alternatiba osatu nahi den edo bestelako lehentasunik dagoen –kexatu zen Alonso–. EAJk bere burua definitu behar du, ezin duelako guztiekin adostasuna bilatu, betiko anbiguotasun horretan geldituz».

Agerraldia egin aurretik, EAEko PPko Batzorde Eragilearen bileran parte hartu zuen Alonsok. Bertan, dagoeneko igande gauean egin zuten bezala, pozarren agertu ziren alderdiko ordezkariak. Boto kopuruari zein legebiltzarkide multzoari dagokienez behera egin duten arren, PP «indarberriturik» atera dela ziurtatzen dute.

Bestelako kezka ere bazuen PPk igandeko lehiaren bezperatan: Ciudadanos alderdi berriak kosk egingo ote zion. Legebiltzarrean ordezkaririk lortu gabe geratu dela ikustea, beraz, lasaigarria izan da Alonsorentzat. «Errealitateari atxikitako alternatiba gisa ez dute aintzakotzat hartu boto-emaileek», aipatu du du PPko agintariak.

PSEren porrota ere nabarmendu nahi izan du PPk. «Ikaragarrizko boto galera izan du», esan du Alonsok. C’s eta PSEren emaitzak ikusita, «Konstituzioaren aldeko erreferentzia nagusia gu, PPkook, gara», ondorioztatu du ministro ohiak.