GARA
Donostia

Arteak emakumea irudikatzeko baliatu dituen erak aztertuko ditu Marraz(i)Oak topaketak

Galtzagorri elkartea Marraz(i)Oak Ilustratzaileen Topaketen zortzigarren edizioa gauzatzen ari da aste honetan zehar. Aurtengoan, «...Eta errauskine bere errautsetatik berpiztu zen» lema hartu du.

Galtzagorri elkarteak antolatuta, Marraz(i)Oak Ilustratzaileen Topaketen zortzigarren edizioa martxan da ostiralera bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak babestuta, Donostiako Komikigunean. “...Eta errauskine bere errautsetatik berpiztu zen” lelopean egiten ari dira topaketak. Parte hartuko duten 12 ilustratzaileek, Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean, historian zehar arteak egin duen emakumearen errepresentazioa abiapuntutzat hartu eta, XX. mendeko ikonografiari arreta berezia ipinita, honen berrinterpretazio bat proposatuko dute elkarlanean.

Ikastaroa surrealisten begiradarekin abiaraziko dute –ia denak gizonezkoak–, «etengabe jolasten baitziren euren lanean emakumearen balizko inozentziarekin eta perbertsitatearekin, ikuspegi heterosexual bati lotutako desio objektu bilakatzen zutelarik orobat», azaldu dute antolatzaileek.

Hortik aurrera, ordea, eredu horiek eremu masiboagoetan izan duten garapena aztertuko dute, Disney faktoria kasu. Tarte berezia eskainiko zaio, halaber, 1970eko hamarkada amaierako lowbrow mugimenduari –1990eko hamarkadan pop surrealismoa eragingo zuena–, bai eta gaur egun indarrean dabiltzan emakumezko performerren lanari ere, «ez baita ahaztu behar liburu ilustratuen alorrean emakumeak direla geure inguruan aktiboenak».

Hain zuzen ere, Marraz (i)Oak topaketen zortzigarren ediziorako irakasleek aukeratu dituzten 12 ilustratzaileak emakumeak dira: Begoña Durruti, Belen Lucas, Garazi Berrizbeitia, Ainara Altuna, Yera Sanchez, Concetta Probanza, Nagore Txintxurreta, Ibone Lopez, Maite Gurrutxaga, Ainara Azpiazu, Nekane Fernandez eta Idoia Beratarbide.

Marraz(i)Oak topaketen helburu zehatzen artean dago ilustratzaileek lanerako baliagarria duten formakuntza eskuratzea, lan dinamika aberasgarri bat eskainiz. Horrela, ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratzen zaie, euren ideiak eta proiektuak trukatu ditzaten. Gainera, genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzeko aukera eman nahi zaie, eta ilustrazioaren eta euskal ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi du.