Maider IANTZI
OÑATI

Atsedenik gabeko sei eguneko jaian barneratuko dira txantxikuak

Egutegiaren apetagatik, jaiak bi zatitan banatuta eta tartean atseden hartuz gozatu beharrean, sei egunez jarraian ospatuko dituzte oñatiarrek, gaur hasita. Halere, hau ez da guztiz egia, hilabeteko asteburu guztietan izan delako festa giroa kontzertu eta bestelako ekitaldiekin. Txantxikuentzat ez dago irailean oporren ondoko aldaparik!

Oñatiko jaietako aurrekontuan bada nabarmentzeko puntu bat, German Meabebasterretxea Udaleko Kultur Saileko zuzendariak aditzera eman duenez: parekoa da kanpotik datozen taldeei ordaintzen zaien dirua, hau da, kontratazio profesionaletara bideratua, eta herriko taldeen artean banatzen dena. Festa egunei dagokienez, ofizialki gaur arratsaldean hasiko dira, San Migel egunaren bezperan, eta urriaren 3an, Errosaixo Egunaren Bixamonean, amaituko dira.

Aurten berezia izango da, sei festa egun jarraian izango dituztelako. Egutegiaren apeta izan da. Bestela, hiru egun ospatzen dira San Migel inguruan eta beste hiru Herri Egunaren inguruan. Azoka edo baserritar egun hau, egitarau klasikoa duena (azoka, ganadua, artisautza, sagardo dastaketa, herri kirolak...), urriaren lehen larunbatean ospatzen da eta normalean egun batzuetako atseden tartea izaten da San Migel egunetik. Aurten, ordea, urriaren lehena larunbata tokatzen da.

Gaur arratsaldean txantxikua, oñatiarren sinbolo den igela, jaitsiko da elizako kanpandorretik txosnagunera. Hori da jaien hasiera, baina iraileko asteburu guztietan izan da jai giroa eta ekitaldi pila bat: besteak beste, hainbat herritako 600 haur bildu dituen dantzari eguna, txikien danborrada, aurten 57. edizioa bete duen nazioarteko artzain-txakur lehiaketa eta urte honetan jaiotako umeei egin zaien ongietorria, festetarako zapi bana jarriz.

Ekitaldirik esanguratsuenak

San Migel egunaren inguruan antolatu dira ekitaldirik garrantzitsuenak. Horien artean, gaur gaueko helduen danborrada, 22.30etik kalez kale ibili eta gauerdian plazan amaituko dena. Kultur zuzendariak oroitu duenez, garai batean hau izaten zen jaien hasiera.

Bihar denetarik izango da: umeentzako parkea, udal musika bandaren kontzertua eguerdian eta ikuskizun gehiago arratsaldean, bi agertokitan: Atzeko Kalen eta Herriko Plazan. Lehendabizikoan Philippe Menardek joko du, eta bigarrenean, Aukeran dantza taldeak “Fusioa” lana eskainiko du.

Ostiralean sokamuturra izango da goizean, Arno ganadutegiko zezenekin, eta gauean Doctor Deseoren kontzertua.

Larunbata, Herri Eguna, denetan beteena izango da. Jendeak kalean pasatzen duen eguna da hori. Artisauak egongo dira, barazki eta fruta lehiaketa, gaztarena ere bai, ganadua, sagardo dastaketa erraldoia Herriko Plazan 20 sagardo etxe baino gehiagorekin, eta herri bazkaria Zubikoa kiroldegian. Meabebasterretxeak kontatu duenez, azken urteotan herriko eta inguruko produktuak zerbitzatzen saiatzen dira. Catering enpresa batek ekartzen du bazkaria, baina bertako osagaiekin egina. Eta arratsaldetik aurrera egun horren bukaera agertoki desberdinetako euskal musika eskaintza izango da. Plazan Egan taldearen erromeria izango da, Atzeko Kalen Etxalarko Elizagoien ahizpen trikiti taldearena, eta txosnetako eskaintza ere euskal musikaren ingurukoa izango da.

Igandean, Errosaixo Egunean, Izarok eta Mor Morek emango dute kontzertua Atzeko Kaleko agertoki txikian, eta Zingira eta Petti & Etxeko Uztaren rock kontzertua hartuko du txosnaguneak. Plazan dantzaldia egingo da Tarantela orkestrarekin. Eta udaletxeko fatxadan egingo den piroteknia eta argi ikuskizunak ere piztuko du gaua.

Azken traka, mozorroak eta parranda latza

Oñatiko festetako azken eguna astelehena izango da, Errosaixo Bixamona. German Meabebasterretxea Udaleko Kultur Saileko zuzendariak azaldu duenez, herriko jendearentzat eta kuadrillentzat oso hitzordu berezia da. Herritarrak mozorrotuta ateratzen dira eta kuadrillek karroza koloretsuak egiten dituzte. Egitaraua nahiko xumea da, baina parranda kategoriakoa. Jende askok hartzen du parte.

Goiz eta arratsalde sokamuturra izango dute Arno ganadutegiko zezenekin. Eta ekitaldi honetan, piroteknia ikuskizunean bezala, arauak betetzeko eta lanean dabiltzanei kasu egiteko eskatu nahi diete herritarrei.

Kalejiren momentua ere izango da astelehena. Musika banda eta Rockalean ibiliko dira alaitasuna zabaltzen. Txosnagunean DJ bertsioak izango dituzte herriko musikariekin. Eta Lisker taldearen dantzaldiak jarriko die ginda jaiei kultur eskaintza aldetik. Hortik aurrera bakoitzak irauten duen arte emango du egunak...M. I.