Ane URKIRI ANSOLA
donostia

Hausnarketara bideraturiko «Trilogia hiperlaburra»

Liburu berria kaleratu berri du Karlos Linazasoro idazleak. Ipuin laburren trilogiarekin animatu da oraingoan, liburu bakarra hiru zatitan eginez. Batasunik gabekoak, fobiaren ingurukoak eta egoera surrealista batean sortuak dira atalok. Horiek guztiak, umore gama zabalarekin koloreztaturik eta idazle hasiberrien tankeran idatzirik, grinatsu. Ipuin laburrak izan arren, patxadaz hartu beharreko liburua da: «Hausnarketarako pentsatua dago bakoitza».

25 urte joan dira Karlos Linazasorok aurreneko bi liburuak argitaratu zituenetik. Oraingoan “Trilogia hiperlaburra” aurkeztu du. «Ospatzeko ipuin-liburu bat idatzi dut eta hurrengorako soneto-liburu bat aterako dut, orain 25 urte bezala», adierazi zuen Linazasoro berak “Trilogia hiperlaburra”-ren aurkezpenprentsaurrekoan. Ipuin laburren trilogia da, Xabier Mendiguren editoreak azaldu zuenez. Liburu bakarra da baina hiru zatitan banatua dago, guztiak kontakizun laburrekin eginak.

Nobela luzeen kontrako tirabira galduta duela uste duen arren, benetako literatur zaleek poesia eta ipuin laburrak gogoko dituztelakoan dago idazlea. «Hor dago literaturaren muina», zehaztu zuen.

Idazle moduan urte dezente daramatza eta hasierako grina hori trilogia honetan ere mantentzen dela argitu zuen. «Heldutasunarekin apaltasuna etortzen omen da; ez niri, zoritxarrez», esan zuen ironiarekin jokatuz, bere lan gehienetan bezalaxe.

Ez da umorerik falta “Trilogia hiperlaburra” liburuan ere. Gama zabala eskaintzen du Linazasorok, esperientziarekin xamurragoa bihurtu den arren, Mendigurenen aburuz.

Umorea eta ironia bai, baina baita hausnarketa ere. «Ez da hiru orduan irakurtzeko liburua», argitu zuen Mendigurenek. Estilo hori ez dator bat Linazasororekin. «Gauzak iradokitzea gustatzen zait, guztia irakurleari eman gabe», aitortu zuen egileak. Irakurleak amaitu beharreko ipuintxoak dira.

Hiru atal

Liburuaren egiturari dagokionez, trilogia izatean, hiru zatitan banatua dago kontakizuna.

Aurreneko ataleko ipuinak solteak dira, ez dago inolako batasunik elkarren artean. Bigarrenean fobien mundura jauzi egiten du Linazasoro idazleak. «Harritu egin nintzen gizakiok zenbat fobia izan ditzakegun jakin nuenean», azaldu zuen. Ezusteko horretatik abiaturik 90 fobia inguru aukeratu zituen.

Lan gehien eskatu zion atala izan zela onartu zuen, «dozenaka aldiz hasi eta utzi nuen», medikuntzaren atala ez baita samurra: «Azkenean fikzioarekin eta poemekin uztartzea lortu nuen arte». Gainera, ironiaz zioen berak desio duen fobia ere aurki dezakegula liburuxkan: «Grafofobia edo escriptophobia eduki nahiko nuke, idazteko fobia, hain zuzen ere».

Azkenik eta trilogiari amaiera txukuna emateko, atalik «surrealistena» da hirugarrena. Egoera bitxiak dira nagusi. Eritegi barruan dagoen pertsona batek bertan ikusitako guztia kontatzen du. “Kaxako umea eritegian” du izenburu eta «pertsona hori izan daiteke okupa, mediku, erizain edo gaixoa».