Maider IANTZI
ARANZADIREN ERAZTUNKETA KANPAINA

TXINGUDIKO PADURA HEGAZTI BIDAIARIEN EZINBESTEKO GASOLINDEGIA DA

EGUNSENTIAREN AITZINETIK HASTEN DIRA LANEAN ARANZADIKO DOZENA BAT LANGILE ETA BOLUNTARIOAK HONDARRIBIKO JAITZUBIKO PARAJE ZORAGARRIAN, ORDUAN EGOTEN BAITIRA BIZIEN TXORIAK. SAREETAN HARRAPATU, ETA ERAZTUNKETA TOKIRA ERAMATEN DITUZTE. NOLA DAUDEN AZTERTU, ETA LIBRE UZTEN DITUZTE BIDAIARI JARRAI DIEZAIOTEN.

Asteburu honetan Hegaztien Munduko Eguna da. Gainera, Aranzadiren eraztunketa kanpainek hamar urte bete dituzte. Aitzakia horiekin, hitzordua jarri zuten atzo Txingudiko paduran, zientzia elkartea laguntzen duten Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei eta kazetariei egiten duten lana bertatik bertara erakusteko. Hegaztientzat Europako pasabide nagusietakoa da Pirinioen amaiera alde hau. Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak jakinarazi zuenez, 25.000 hegaztiri –bertan bizi direnak zein migratzaileak– jarri diote eraztuna gune erreferente honetan.

Bidasoaren itsasadarreko estuarioan barna paseo eder bat emanez ailegatzen da egurrezko etxola batera. Bertan dago kokatua eraztunketa gunea. Joan den urtean 1.296 hegaztiri jarri zioten eraztuna. Ondotik, adierazle horietako 466 egiaztatzea lortu dute. Maite Laso gaztea da boluntarioetako bat, Europan zehar eraztunak jartzen ibili den biologoa. Bi hilabetez egunero ari da zeregin honetan Txingudin eta, kontatu duenez, izan dituzte egunak 200 txori aztertu dituztenak. Orain gutxiago pasatzen dira eta 15-20 jasotzen dituzte egunean.

Txori koloretsu bat hartu du eskuan: martin arrantzalea da, aurten jaioa. Juan Arizaga Aranzadiko ornitologia zuzendariak agertu duenez, mehatxatutako espezieen euskal katalogoan sartzen den hegazti honentzat funtsezkoak dira ongi zaindutako hezeguneak: «Hemen janaria dauka, pisua hartzen du eta gero bideari jarraitu. Gasolindegi baten gisa erabiltzen du». Batzuek negua ematen dute bertan; bertzeek, egun batzuk.

Arraintxoak dituzten hezeguneotan gelditu gabe ezingo luketela helmugara iritsi erantsi du Lasok. Argitu aurretik etortzen dira Aranzadikoak. Ez sufritzeko pentsatuta dauden sare japoniarrak jartzen dituzte paduran eta txoriak harrapatuta gelditzen dira. Telazko poltsatxoetan eramaten dituzte eraztunketa gunera. Bertan neurtu egiten dituzte, zenbat gantz eta zenbat gihar duten ikusi, adina begiratu... Identifikatzeko balio duen eraztuna hankan jarri eta gero solte uzten dituzte.

Adierazle bikainak

Ana Oregi Lakuako Ingurumen sailburuak nabarmendu duenez, leku baten kontserbazio egoera jakiteko adierazle bikainak dira hegaztiak. «Gure herriak izugarrizko hegazti aberastasuna dauka, bai gure artean bizi direnena bai migratzaileena». Biak aztertzen dituzte Txingudin eta, baieztatu dutenez, ongi zainduta dago habitat dinamiko hau.

Eraztunketa kanpaina honek, lan zientifikoaz gain, hezkuntza eta dibulgazio eginkizun bat ere betetzen du. Jasotako datuak Euring bezalako nazioarteko sareekin partekatzen dituzte; Lasok dioen bezala, «bestela ez luke ezertarako balioko» lanak.