GARA
BILBO

Taylor-Johnsonen «Hasperena», galera eta zaurgarritasuna

Espazioan zintzilik diruditen zortzi pantaila erraldoi eta beste horrenbeste minutuko musika emanaldia; pantailetan, musika-tresnarik gabeko musikariak, ikusleari orkestra baten erdian bada ere galera eta zaurgarritasun sentsazioa transmititzeko. Sam Taylor-Johnsonek proposamen hori ekarri du Guggenheimeko Film & Video aretora.

Abenduaren 11ra bitartean hartuko du Bilboko Guggenheim museoak Sam Taylor-Johnson-en “Hasperena” (Sigh, 2008) artelana. Estatu espainolean lehen aldiz egongo da ikusgai bideolan berezi hau, Bilboko museoak 2014an irekitako Film & Video aretoan; bertan, bideoartea, bideoinstalazioak eta irudia mugimenduan darabilten lanak erakusten dira.

Ikus-entzunezko instalazio hau osatzen duten zortzi pantailak zintzilik daude eta bertan ematen da zortzi minutuko musika-lan baten antzezpena. Musika-lan hori berariaz idatzi zuen instalazio honetarako Anne Dudley musikagile ezagunak; BBCko Kontzertu Orkestrak jo zuen.

Argi entzun daiteke soinua, musikagileek tresnarik jotzen ez duten arren; jotzeko mugimenduak eta keinuak egiten dituzte, besterik gabe. Horrek galera eta zaurgarritasun sentsazioa sorrarazten du, eta musika-tresna bat jotzean keinuek eta gorputzaren mugimenduek duten garrantzia azpimarratzen du.

Sam Taylor-Johnson-ek (Londres, 1967) hainbat harralditan grabatu zuen orkestra, atalka, gainera; ondorioz, film zati horiek pantailatan banan-banan ematean, ikusleak orkestraren erdian dagoelako sentsazioa du. Lanak musika entzutearen eta musikarien eta zuzendariaren irudiak ikustearen arteko lotura nabarmentzen du, alegia, soinuarena eta irudiena, eta ikuslea tartean sartzen du, banandutako bi pertzepzio horien arteko lotunea edo bitartekoa baita.

Taylor-Johnsonen argazki eta bideoinstalazioek, 1990ko hamarkadatik aurrera, giza emozio gordinenak aztertzen dituzte, horiek isolatuz, bakanduz eta zatikatuz, narrazioa hautsiz edo, “Hasperena” lanean bezala, irudiaren eta soinuaren arteko hautematea eraldatuz.

Soinu-banda idazteko Anne Dudley egileak “Mamuak” (Ghosts, 2008) argazki-saila izan zuen oinarri; argazki-sail horrek Emily Bronteren “Wuthering Heights” (“Gailur ekaiztsuak”) eleberria du inspirazio-iturri, bai eta Bronte ahizpak hazitako Yorkshire-ko Haworth mortuak ere –pasaia hori haien eleberrien beste pertsonaia bat bihurtu zen–.

“Hasperena” lanean, BBCko musikariek jotzen duten partiturak giza bizitzarik ez duten eremu ezatsegin horiek gogora ekartzen ditu; musika-tresnarik gabe, keinu naturalak baina, agian, gehiegizkoak eginez interpretatutako obra da.

Sam Taylor-Johnsonek partekatutako gizarte eta psikologia ingurune eta egoerak aztertzen ditu, zama emozional handiko agertokiak dituzten argazki eta filmen bidez. Haren lanak izatearen eta iruditeriaren arteko muga jorratzen dute: maiz erretratatutako pertsonak –banaka zein taldeka– barneko nia eta kanpoko nia gatazkan egotera eramaten dituzten egoeratan ipintzen ditu.

David Beckham-en film-erretratua egin zuen harraldi bakarrean, soinurik gabe; astiro-astiro garatzen da eta argazki asko atera dizkioten pertsonaia ospetsu horren beste erretratuen aldean irudikapen lasaiagoa da.

“Preludioa airean” (“Prelude in Air”, 2005) lanean, biolontxelo-jotzaile bat filmatu zuen Bach-en lan bat jotzen, baina musika-tresna ezabatu zuen; “Apurketa (Neska eta eunukoa)” [“Breach (Girl and Eunuch)”, 2001] lanean ere antzera egin zuen: negar batean dagoen neska bat ikus dezakegu zoruan eserita, baina ezin dugu entzun, negarraren soinua ezabatu baitzuen. “Natura hila” (“Still Life”, 2001) lanean, arin hondatzen ari dira ontzi baten fruituak eta une hori sortzen dute.

Hainbat lanen ondoren, Taylor-Johnsonek lehen film luzea aurkeztu zuen 2009an, “Nowhere Boy”, John Lennonen nerabezaroari buruzkoa. Iaz, “Fifty Shades of Grey” eleberriaren filma zuzendu zuen –asko saldu zen liburua eta ikusmin handia sortu zuen filmak ere– eta 2017an Netflix-entzat zuzentzen ari den telesaila, “Gypsy”, estreinatuko da.