J.L.
errugbia

Baionako Avironek ez dauka Lyonen aurka hutsik egiteko tarterik

Garaipenak lortzeko beharra agertzen hasi da Baionan. Jaitsierako postuetan dago, eta salbazioa bostera daukate jadanik. Denboraldia hasi baino ez da egin, baina bide horri jarraitzen badiote laster batean oso behean sartuko dira lapurtarrak, eta gero horri buelta ematea izugarri kostatuko zaie.

Mailari eusteko borroka horretan baionarrek aurkari zuzena izango dute gaur aurrean. 18.30ean Lyon hartuko dute Lapurdiko hiriburuan. Iaz biak Pro 2 Mailan zeuden, eta aurten mailari eusteko borrokan ere izango direnetako bi dira. Frantziarrek bost puntu ateratzen dizkiete lapurtarrei, eta gaur irabazita, baldin eta puntu gehigarria lortzen ez badute, oraindik jaitsierako postuan jarraituko dute. Galtzen badute eta Grenoblek irabaziz gero, azken geratuko dira.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan denboraldiko bigarren derbia izango da, baina hori bihar jokatuko da. Aurretik, Getxo Arteak gaur 16.00etan Alcobendasen zelaian jokatuko du. Bizkaitarrek denboraldi hasiera benetan txarra izan dute. Bi partidak galtzeaz gain, puntu mordoa jaso dute. Hori gainditzeko ez dute gaur aurkari samurra izango.

Bihar, 12.00etan jokatuko da derbia Urbietan, Bizkaia Gernikaren eta Hernaniren artean. Bi taldeek ere ez dute Liga ongi hasi, jokatutako bi partidak galduta agertuko baitira biharko neurketara. Hala ere, biek eman dute Getxok baino itxura hobea. Etxean jokatuta, Gernika aterako da faborito. Eta Ampo Ordizia da bihar jokatuko duen bestea. 12.00etan Bartzelona hartuko du Altamiran. Getxoko derbia irabazita datoz  jokalari goierritarrak.