GARA
DONOSTIA

Langileen eskubideak defendatzeko, Euskal Herria martxan jarri nahi du LABek

Gipuzkoako LABeko delegatuek bilera zutela baliatuz, sindikatuak kurtsoari hasiera eman zion atzo. Ainhoa Etxaidek joan den irailaren 25eko hauteskundeei erreparatu zien egoera zein den aztertzeko.

LAB sindikatuak kurtsoari hasiera eman zion atzo Donostian Gipuzkoako delegatuen batzarra egin zela aprobetxatuz. Bertan Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak hartu zuen hitza, eta irailaren 25eko hauteskundeen balorazioa egin zuen ikuspuntu sindikalistatik.

Hala, esan zuen kanpainak iraun zuen bitartean langileek borrokan jarraitu zutela eta kalera irten zirela sarritan langileen oinarrizko eskubideen aurkako erasoak salatzeko. «Botere ekonomikoak erabakitzen badu zer den Euskal Herrian egin eta gertatu behar dena, prekaritatea eta menpekotasuna ikusten ditugu, besterik ez. Egia da hazkunde ekonomikoa egongo dela, baina gutxi batzuen mesedetan, gehien-gehienon miseriaren kontura», azpimarratu zuen Etxaidek.

Zentzu horretan, esan zuen botere ekonomikoa ordezkatuta dagoela instituzioetan. «Ulertzekoa da Confebasken poza PNVren garaipenaren aurrean – baieztatu zuen–. Gaur botere ekonomikoak erabakitzen dituenak herriak erabaki ditzala eskatzen du LABek». Hori izango da sindikatu abertzalearen borrokaren ardatza datozen urteetan, erabakiak botere ekonomikoek hartzen badituzte ez delako langileen iritzia kontuan hartzen.

«Ekainean egin genuen Nazio Biltzarrean kurtso berrirako plangintzaren helburua finkatu genuen. Oso zehatza eta argia da: Euskal Herriak eta euskal langileok behar ditugun aldaketak lortzeko burujabetza prozesu bat jarri behar dugu martxan», adierazi zuen, ondoren honakoa gaineratuz: «Euskal Herria martxan jartzean dago giltza».

Izan ere, LABek uste du instituzioetatik asko egin daitekeela; alegia, «erabakitzeko eskubidea aitortuko diguten estatus berriak lortu eta herritarren bizi baldintzak benetan duintzeko politikak egin». Bide horretan borrokan jarraituko dutela iragarri zuen Etxaidek, «gauzak aldatu behar direla pentsatzen duten langileak burujabetza prozesura ekarriz, izan abertzaleak edo ez. Alternatibak proposatuz eta horien aldeko indarrak, burujabetzaren aldeko indarrak, lortuz».

Ezkerrak gora

EAEko azken hauteskundeen osteko panorama ikusita, sindikatua baikorra da. «Euskal langileok Gasteizen gure interesak eta eskubideak defendatuko dituzten ordezkariak behar ditugu. Parlamentu berrian hori egiteko prest agertu diren alderdiak daude, eta azken lau urteotan baino indar gehiagorekin, gainera. Ezker-eskuin espazioen arabera aztertzen badugu osaketa berria, eskuinak ordezkariak galdu ditu eta ezkerrak gora egin du», nabarmendu zuen.

Hala, agenda neoliberalen kontra denak batera borrokatzeko deia egin zuen idazkari nagusiak.