GARA
LESAKA

Protestak Lesakako eta Erandioko lan istripu hilgarrien ondotik

Lesakako Zalain Transformados-eko enpresa batzordeak deituta, bi orduko lanuztea (13.00etatik 15.00etara) eta elkarretaratzea egin zituzten atzo, asteazkenean Agustin Portu 64 urteko beratarrak bizia galdu zuen lantokiaren aitzinean. ELAk salatu zuen jadanik hamabi direla aurten Nafarroan lanean hil diren pertsonak, horietatik lau azken hilabetean, eta hiru azken astean.

Ostegunean beste langile bat hil zen lan istripuz Bizkaian, 33 urteko Sodupeko herritar bat, A.G.O, Erandion. Aldundiko Basalan enpresako langilea zenez, bertako kideek egun osoko lanuztea eta kontzentrazioa deitu dituzte astelehenerako, Aldundiaren aurrean, 11.00etan.

Bestalde, Zestoako Endoia auzoko pinudi batean basolanak egiten ari zen 38 urteko gizon bat helikopteroan eraman zuen Ertzaintzak erietxera.