GARA
BILBO

Larrialdietako garraio sarearen egoera salatu dute

Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Sareko langileen egoerak okerrera egin duela salatu dute sindikatuek. Euren egoera pertsonala hobetzeko asmoa badute ere, ulertarazi nahi dute euren arazoak herritarren arazo bilakatu daitezkeela. Egoera kaskarrean ari badira lanean, ezin izango dute zerbitzu egokia eskaini larrialdi baten aurrean. Lakuako gobernuko Osasun Saila egoera horren arduraduna dela diote eta zerbait egin dezala eskatzen diote.

Duela urtebete Larrialdiak/LRK kooperatibak eta Eulen Servicios Sociosanitarios enpresak osatutako aldi baterako enpresa-elkartea kontratatu zuen Lakuako Osasun Sailak Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Sarea kudeatu zezan. Ordutik langileen egoerak okerrera jo duela salatu zuten atzo LAB, ESK, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako kideek. «Nekatuta gaude trukerako txanpona izateaz, lan baldintzak nola okertzen diren ikusteaz», aipatu zuten.

Irailaren 29an bilera bat egitea lortu zuten, baina bi orduren ostean ez zuten «arazoak konpontzeko inolako konpromisorik lortu». Hori dela eta, beste behin, Lakuari euren egoera hobetu dezala eskatzen diote, uste dutelako Osasun Saila dela zerbitzuaren arduraduna. Izan ere, azken hiru urteetan «eskutik eskura pasatu da» erantzukizuna eta «kaltetuak beti izan gara berdinak: langileak eta erabiltzaileak».

300 langile baino gehiago dira arazoak pairatzen ari direnak, eta hain denez garrantzitsua egiten duten lana, beraien lan baldintzak egokiak ez badira herritarrek ere ondorioak pairatu beharko dituzte. «Langileok inpotentzia handiz ikusten dugu gure egoeraren aurrean egiten ditugun arreta deien aurrean Gobernuak nola egiten duen entzungor, enpresa esleipendunei guztion zergekin ordaindutako aurrekontu erraldoiak ematen dizkien bitartean», azpimarratu zuten.

Langileen arazoak

Dituzten arazoen adibide batzuk jartzeko asmoz, zerrenda bat aurkeztu zuten. Hasteko, Lanerako Arriskuen Prebentzioaren Legearekin lotutako araudia betetzen ez dela esan zuten, hala nola: hondakin biologikoak dituzten arropa norberak etxean garbitu behar duela; lanpostuetako sabaiak erori egiten direla eta, gainera, oso leku txikia dutela egoteko; bentilaziorik ez dutela eta ur beltzen hodietan matxurak izan dituztela, kutsatutako materiala botatzeko edukiontzi gutxi dituztela; gauza pertsonalak gordetzeko lekurik ez dutela; ura edangarria ez dela; atseden hartzeko guneak kendu dituztela; kutsatutako materiala eta sukaldeko tresneria garbitzeko leku bakar bat dutela; aldagelarik ez dutela; eta isolamendu kaskarra dutenez, tenperatura oso baxuak edo oso altuak izaten direla urteko sasoiaren arabera.

Kaleratzeen inguruan, esan zuten oraingo enpresak zenbait gauzatu dituela jada, hiru Gipuzkoan eta beste hiru Bizkaian. «Enpresak ezin izan du frogarik aurkeztu edo kaleratzea nolabait justifikatu», esan zuten. Egora horrek langileei «estres psikologikoa» eragiten diela adierazi zuten. Bestalde, baldintzen pleguak ez direla betetzen salatu zuten. Zentzu horretan, eta adibide bat jartzearren, ordezko anbulantziak –titularrek daramaten material berdina eraman beharko luketenak– erdi hutsik daude. Hori dela eta, ordezkoa hartu behar badute langileek denbora galduko dute materiala anbulantzia batetik bestera aldatuz eta zerbait ahaztuz gero, ardura beraiena izango litzateke.

Sindikatuen arlora begiratuz, herrialde bakoitzean lan hitzarmen kolektibo desberdinak dituzte. «Gipuzkoan enpresak ez du lan hitzarmena aplikatzen. Bizkaian hiru hitzarmen desberdin daude eta horregatik lankideen artean alde oso handiak daude soldatari dagokionez. Eta Araban soldatak lotsagarriak dira. Kontratatu berria den lankide batena lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dago».

Aparteko orduak «sistematikoki» egiten dituzte lankideen oporrak zein egun libreak betetzeko eta praktiketan dauden kideen egoera bereziki gogorra da. «%60 kobratzea gutxi balitz bezala, aurkitu ditugu kasuak 30 egunetik 23-27 lan egiten dutenak», esan zuten.

Zerbitzu publikoa mantentzearen alde

LAB, Satse, USAE, CCOO eta UGT sindikatuak atzo kalera atera ziren Osakidetzako zerbitzu publikoa mantentze eta hobetzearen alde. Osasun Sailak Donostia Ospitaleko esterilizazio zerbitzuaren hobekuntza eta bateratzea berritzean «arauak hautsi» egin dituela salatu zuten. Izan ere, «kontratazio zerrenda espezifikoan zerbitzua hamasei urtez kudeatzen duen enpresa pribatuaren langileak sartu nahi ditu». Sindikatuek uste dute hori «nagusikeriaz» jokatzea dela.

Bestalde, ELAk esterilizazio zerbitzua hobetzeko erabakia txalotu zuen, baina ez «hori egiteko modua». Sindikatuak azaldu zuen Osakidetzak duela hamasei urte zerbitzu hori «pribatizatzea» erabaki zuela eta ordutik Axioma enpresak kudeatu duela. Zerbitzu hori hobetzeko intentzioa dagoenez, ELAk proposatu zuen «arlo sindikalarekin» eztabaidatu behar dutela prozesu hori, eta gainera salatu zuten Axiomako langileak aldi baterako kontratu prekarioetarako zerrenda batean sartuko direla. GARA