GARA
LASARTE-ORIA

Euskararen Maratoia eta herri erronka hasi dituzte Lasarte-Orian

“Irten armairutik!” leloarekin egingo da asteburu honetan Lasarte-Orian 9. Euskararen Maratoia. Eta gaur goizeko zortzietan hasi eta igande gauerdia arte ez da etenik izango euskararen aldeko ekinean eta festan. Geroago ere ez, maratoiarekin batera hasiko baita “Baietz 40 egun euskaraz” herri erronka.

Euskaraz ulertzen edo hitz egiten duten lasartear guztiei zuzendutako ekintza da hau. Batzuei hizkuntzaren armairutik ateratzea proposatzen zaie, eta besteei, armairutik atera diren horiek animatzea eta laguntzea. Abenduaren 3ko Euskararen Egunean bukatuko da erronka eta dagoeneko 1.300 herritarrek baino gehiagok eman dute izena.

Antolatzaileek –Udala eta Ttakun kultur elkartea– azaldu dutenez, hizkuntzaren armairutik ateratzea gaztelaniazko hizkuntza ohituretatik ateratzea eta hizkuntza portaera euskarara ekartzea da. Horretarako, bi figura dira beharrezko: Belarriprest eta Ahobizi.

Belarriprest eta Ahobizi

Ahobiziak euskarazko jokaera aktiboa hartuz armairutik aterako diren herritarrak dira. Astebetez, euskaraz egingo diote ulertzen duenari. 300 lagun animatzea da erronka (hauek fitxa bat bete eta udaletxean edo kultur elkartean entregatu behar dute). Belarriprestak, aldiz, ahobizien euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adierazten duten lagunak dira, dakienari euskaraz aritzeko gonbita egingo diotenak. 3.000 kidera iritsi nahi dute. Hauek sei astez eutsiko diote erronkari, Euskararen Egunera arte.