Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Lucia Moholy, Bauhaus eskolako argazkilari ahantzia

Bauhaus eskola alemaniarraren estetika eta filosofia ulertzeko ezinbestekoa da Lucia Moholyren lana bistaratzea. Pragan jaiotako argazkilariak giza irudia eta bere ingurunea irudikatzeko lengoaia berria ekarri zuen argazkilaritzara, baina haren lanak ez zuen unean merezitako arreta jaso. Orain, San Telmo museoak haren ekarpena ohoratu nahi du.

Bauhaus eskolako estetika eta filosofia ulertzeko Lucia Moholyren lana ezinbestekoa bada ere, bere ekarpena ez dela behar bezala baloratua izan sinetsita osatu du Maria Millanek “Lucia Moholy, ehun urteren ondoren” erakusketa, atzotik hasi eta urtarrilaren 22ra bitartean San Telmo museoko Areto Kapitularrean ikus daitekeena.

«Datek garrantzi handia dute erakusketa honetan», ziurtatu zuen komisarioak, eta erakusketaren izenburuak Moholy artearen mundura hurbiltzen hasi zen datari erreferentzia egiten diola azaldu zuen: «Pragan jaio zen 1894. urtean eta hogei urte zituela Alemaniara joan zen. Han hasi zen editore gisa lanean eta 1915ean idazketarekin jolasean hasi zen». Hala ere, idazle gisa baino argazkilaritzari egin zion ekarpenagatik egingo zen ezagun txekiarra, Laszlo Moholy-Nagyrekin ezkondu eta euren arteko lankidetza artistiko eta intelektualak objektibo artera eraman zuenean. «Argazkilaritza bitarteko artistikoa zela sinesten zuen eta hala aldarrikatu zuen Laszlorekin batera ‘De Stihjl’ aldizkarian argitaratu zuen ‘Produktion-Reproduktion’ artikuluan. Bertan, argazkilaritza errealitatea erreproduzitzeko baliagarri izateaz gainera artelan bat sortzeko ere balia zitekeela aldarrikatu zuten», azaldu zuen Millanek. Hura argitaratu eta urtebetera, 1923. urtean, batuko zen bikotea Bauhaus eskola alemaniarrera.

Argazkilaritzaren hauspoa

Kamera eskuan, egunez egun Bauhausen egiten zen lana dokumentatzea izan zuen zeregin Moholyk, baina ez edonola. Millanen hitzetan, «arkitektura erretratatzerako orduan garaiko moldeak hautsi zituen, ingurura begiratzeko modu berritzailea erakutsi zuen kamera garaieran jarriz, angeluak esajeratuz... unera arte erabiltzen ez ziren teknikak erabiliz». Eta, hain zuzen, garai hartan egindako lanek osatzen dute San Telmok Moholyren lana ohoratzeko osatutako erakusketa. Guztira 48 argazki dira, Berlingo Bauhauseko artxibotik berreskuratu dituztenak eta txekiarrak landu zituen hiru esparruak nabarmentzen dituztenak: arkitektura, objektuak eta erretratua. Lehenen artean, eskola alemaniarrean zegoen bitartean ateratakoak daude, tartean Paul Kleeren estudioa, Wassili eta Nina Kandinsky euren egongelan edota Bauhaus eskolako aurrealdea eta tailerra. Objektuen alorrean, eskolan sortutako lanen irudiak daude (mahaiak, aulkiak edota Marcel Breuerrek diseinatutako altzariak) eta, erretratuen atalean, garaiko aristokraziari eta batez ere arte munduko jendeari hartutako argazkiak ikus daitezke: Florence Henri argazkilaria, Theo von Doesburg pintore eta poeta, Anni Albers artista, Clara Zetkin emakumearen eskubideen aldeko aktibista, Franz Roch kritikari eta arte historialaria...

«Kreditu batean ikusi nuen nik lehen aldiz Lucia Moholyren izena, eta erreferentzia hartatik tiraka eman dut bere lanarekin. Bitxia da, 80ko hamarkadara arte emakume honen lana ez baitzen ezagun egin, eta ordutik hona izena hartzen ari da, gero eta gehiago. Erakusketa hau bere irudia ohoratzeko ahalegin bat da», amaitu zuen Millanek.