Maider IANTZI

ONTZIGINTZARIK ONENAREN SEKRETUAK GORDETZEN DITU «SAN JUAN» BALEONTZIAK

1978an Kanadako Red Bay-n «San Juan» baleontzia osorik topatzeak mugarri bat ezarri zuen munduan. Aurkikuntza horri esker, haren erreplika zehatza egiteko gai dira Albaolan, Euskal Herrian ontzigintzarik aurreratuena genuen garaiaren erakusgarri.

Trintxerpetik itsasontziz Albaola Itsas Kultur Faktoriara iritsi, eta “San Juan” baleontziaren historia aberatsean nabigatzeko aukera izan da Hernaniko Bakailao Astearen barrenean. Mikel Leoz itsas ondarearen teknikariaren azalpenek eta museo eta tailerreko irudi eta usainek liluraturik, XVI. mendeko euskal arrantzaleen bizimodura hurbildu dira bisitariak. Harro sentitzeko moduan dira, garaiko ontzigintzarik aurreratuena egiten baitzen bertan. Gainera, Leozek kontatu duenez, hemengoak bakarrak izan ziren Ternuako inuit eta indiarrekin harreman ona eta jarraitua izan zutenak. Zer moduz zeuden galdetuta, «apaizak hobeto» erantzuten zuten hauek, euskaldunek bezala. Bien arteko hizkuntza nahasketa bat ere sortu zen.

Kanadarren historia liburuetan lehendabiziko orrialdean agertzen dira euskal arrantzaleak, aurrenetarikoak izan baitziren bertan balea zein bakailao arrantzan. Baina ez zen planorik marrazten eta inork ez zekien nola egiten ziren itsasorik zakarrenari aurre egiteko gai ziren ontzi sendo eta indartsu horiek. Informazio hagitz garrantzitsua zen, sekretua, eta maisu batek izaten zuen buruan eta konfiantzazko norbaiti transmititzen zion. Horregatik izan zen hain garrantzitsua 1978an kanadar arkeologoek “San Juan” baleontzia ia osorik aurkitzea. 1565eko urrian hondoratu zen Pasaian eraikitako ontzia, ekaitz handi batek ainguraren sokak puskatu eta arroken kontra jo ondotik. Marinelak onik atera ziren, baina urpean gelditu zen balio itzela zuen olioz betetako hainbat eta hainbat upel. Hurrengo urtean Kanadako badia gorriko (Red Bay) uretara itzuli ziren zamaren bila eta dezente berreskuratu zuten. Gaurko 3.000 euro balio zuen upel bakoitzak, eta ia mila zeramatzan “San Juan”-ek. 60 gizoneko tripulazioarentzat, irabaziak sekulakoak ziren.

Lehenengo aldia zen halako itsasontzi bat osorik topatzen zena eta hasiera bat eta bukaera bat markatu zituen. Mundu osoan erreferentzia da “San Juan”. Dena desmuntatu, eta kanpoan piezaz pieza ikertu zuten kanadarrek, eta hala lortu zuten, itsasontziaren formaz gain, nola egina zegoen jakitea. Lan luzea eta gogorra izan zen. Udan egiten zuten eta, halere, tutu malgu batekin ur beroa bota behar izaten zieten langileei bi gradutan zegoen uretan irauteko.

Kanadarrek Albaolakoei eman zieten informazio baliotsu hura, erreplika norbaitek egitekotan eurek egin beharko luketela pentsatuta. Hala, “San Juan” baleontzi berdin-berdina eraikitzen ari dira orain. 2020rako bukatzea aurreikusten dute eta bitartean bisita interesgarria egin daiteke lantegira.

Lehen jarduera industriala

Red Bay tokirik maiteena zen euskaldunentzat eta udaro joaten ziren. Ipar Amerikako lehenbiziko industria jarduera izan zen: batzuek olioa prozesatzen zuten, bertzeek upelak egin, bertzeek arrantzatu edo labeetan lan egin. Eta, itsasontzia beteta zegoenean, buelta egiten zuten. Udaran, herri euskaldun aunitz gizonez husten ziren, eta horregatik, emakumeek bertze toki batzuetan garatu ez zituzten eskubide batzuk lortu zituzten, kontratuak sinatzea, adibidez. Zamaketari, batelari, hurbileko arrantzale... izan ziren, baserriko lan guztiak egiteaz gain. Itsasontziak janariz eta edariz hornitu beharra zegoen. Sagardo ekoizpena itzela zen eta horretarako sortu ziren baserri-dolareak. Marinel bakoitzeko eguneko hiru litro eramaten zituzten.

Arrantzatzeko lana txalupek egiten zuten. Itsasontzia ur gaineko biltegi antzekoa zen. XVII. mendean bertze potentzia batzuek euskal balea txalupa hartu zuten eredu. «Txalupa» hitza ere hizkuntza ugaritara pasatu da. Dena jasanen zuen ontzi bat eraiki nahi bazuten, balea txalupa egiten zuten.

“San Juan” baleontziari dagokionez, haritzez egina dago dena, gila izan ezik. Hau 15 metroko egur luze bat da, eta pagozkoa da. Nahikoa lan izanen zuten idiekin garraiatzen. Branka dotorea erakutsi digu Leozek, eta saihetsak... «Begira, adabegi bat du honek, baina garaian ez zegoen batere. ‘Nola da posible akatsik gabekoak izatea?’ galdetzen zuten kanadarrek». Euskal Herriko hariztiak aproposak ziren ontzigintzarako, baina ikatza egiteko ere bai eta bien artean sortu zen gatazka adar batzuk kimatuz eta bertzeak hazten utziz konpondu zen. Zuhaitzak egur ona emateko gidatuz, sekulako kalitatea lortu zuten. Hemen kontatu dizkizuegu sekretu batzuk, baina aunitzez gehiago gordetzen ditu “San Juan” baleontziak.