GARA
DIMA

Dimoztarrek Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatu dute

Frankismoaren ostean Diman izandako berrogei bat alkate eta zinegotzik agerraldia egin zuten atzo, A27ko galdeketari babesa emateko. Hautetsiek, Euskal Herriaren naziotasuna eta burujabetza aldarrikatu zuten. Uribe-Butroeko zazpi herritan galdeketa izango da 2017an.

Azaroaren 27an Euskal Herriaren geroari buruzko galdeketa egingo dute Diman, eta horri babesa emateko agerraldia egin zuten atzo frankismoaren ostean Arratiako herri horretan izan diren alkate eta zinegotziek. Gure Esku Dagok (GED) antolatutako ekitaldian, berrogei bat hautetsi eta kargu ohik parte hartu zuten, eta eurekin batera dozenaka herritarrek. Nekane Intxaurtza alkateak 1936. urtean Dimako Udalak egindako aldarrikapena ekarri zuen gogora eta Lore Bilbao zinegotziak GEDren manifestua irakurri zuen.

Besteak beste, nabarmendu zuten historian zehar, eta sarritan, Dimako ordezkariek «Euskal Herriaren burujabetasun eskubidearen defentsa» egin dutela, bai herri mailan bai gainerako erakundeetan. Horien artean, gogora ekarri zuten 1936ko zezeilaren (otsaila) 23an Udalak gehiengoz Espainiako Errepublikari eskatu ziola 1839ko urriaren 25ko dekretua bertan behera uzteko, lege horrek «burujabetasunaren adierazle ziren foruak murrizten zituelako». Eta, orduan bezala gaur ere, «Francoren diktaduraren ostean Dimako herriaren zerbitzura» egon diren eta gaur egun dauden alkate eta zinegotziok Euskal Herriarentzat aldarrikatzeko eskubidea aldarrikatzen dute, «horrela, geuk ere, gure aurretik kolore, edade, pentsaera eta izaera desberdinetako dimoztarrak egindako bideari jarraipena emanez».

Aldarrikapen hori hiru arrazoitan oinarritzen dutela azaldu zuten; «euskaldunok nazio bat osatzen» dugula, «Euskal Herriak historian zehar izan dituen eskubideak berreskuratzea» nahi dutela, eta «Euskal Herriaren burujabetasuna» nahi dutela. Horregatik guztiagatik, eta «demokrazian sinesten» dutelako, alkate eta zinegotziek, lehengoek eta oraingoek, azaroaren 27ko herri galdeketa bultzatzen dutela azaldu zuten.

Uribe-Butroen ere erabaki

Gatikan ere ekitaldi jendetsu eta koloretsua egin zuten atzo, eta bertan 2017an Uribe-Butroe eskualdeko zazpi herritan galdeketak egingo dituztela iragarri zuten. Gatika, Jatabe-Maruri, Mungia, Gamiz-Fika, Bakio, Meñaka eta Arrietako herritarrak izango dira hautetsontzietara deituak, eta atzo bertan hasi zuten sinadura bilketa.

Eskualde osoko jendea aurkezpen ekitaldira joateko ibilaldia antolatu zuten, eta, eguerdi partean denak Gatikako herriko plazan bildu zirenean hitza hartu zutenek gogora ekarri zuten Gure Esku Dago ekimena duela hiru urte sortu zela eta, denbora honetan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean pauso handiak eta pauso txikiagoak eman direla baina, denak, «aurrerapausoak». Eta emandako pausoek egungo egoeraraino ekarri eta «ilusioa piztu» dutela nabarmendu zuten. «Erabakitzeko eskubidearen egarria nabaria da Euskal Herria osoan. Aldarrikapena gero eta ozenago entzuten da. Eta horrexegatik, orain, gure begirada harago doa», adierazi zuten, orain arteko ekintza txikiek «erabaki handira» eraman behar dituztela gaineratuz. Abenduaren 18ra arte sinadurak bilduko dituztela azaldu zuten, eta ekimen honen bermea jendearen parte hartzea izango dela azpimarratu zuten.