Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA ALPINOA

Picu Urrielluko «Sueños de invierno»era askeaneskalatu dute

1983. urtean zabaldutako bideari puntu gorria jarri diote Fabian Buhl eta Alex Huber-ek: 8a, 500 m.Eskalatzaileok marrak duen arriskua azpimarratu dute.

Aurtengo udan Picu Urrielluren mendebal aurpegiak bisita bereziak izan ditu. Protagonista horien helburua hormatzar horretan 80ko hamarkadan era artifizialean zabaldutako bi bide mitikori puntu gorria jartzea zen. Eta biek ala biek xedea lortu dute. Lehenbizikoen berri eman genuen. Neus Colom eta Iker eta Eneko Pou anaiek “Marejada Fuerza 6” era askean (8a, 500 m) eskalatu zuten. Handik gutxira, Fabian Buhl eta Alex Huber alemanek “Sueños de invierno”-ren luze guztiak librean sinatu zituzten.

Eskalatzaile beteranoenak marra honi buruz ondo gogoratuko dira. 1983. urtean, Jose Luis Garcia eta Miguel Diezek 69 egun paretan igaro zituzten sormen lan hori bukatu ahal izateko. Bidearen izenak aipatzen duen bezala, gainera, bi hilabete pasatxo horiek neguan izan ziren. Sokada horrek “Sueños de invierno”-ren 500 metroei 6a eta A4+ zailtasuna jarri zion.

Alemanek, berriz, luze guztiak askatu eta bederatzi orduko eskaladan puntu gorria margotu diote: gehienez, 8a gradua gainditu zuten.

Zailtasun horrez gain, protagonistok azpimarratu nahi izan dute era askean igotzea oso arriskutsua dela; hots, balizko eroriko handiak dituela.

Di-da batean

Sokada honek lehen aldia zuen Picu Urriellun. Eta isilean, inolako zaratarik atera gabe, mendebal aurpegian goi mailako jarduera egin dute.

Alemanek bi saio behar izan dituzte “Sueños de invierno” era askean igotzeko: «Abuztuan bost egunez egon ginen eta lehen luzeak eskalatu genituen. Argi geneukan luze guztiak era askean egiteko aukera zegoela. Baina, denbora kontuak tarteko, ohartu ginen berriro itzuli behar ginela».

Irailean itzuli ziren, uda bukatzen ari zela. Eta bederatzi orduko eskaladan xedea borobildu zuten: «Eroriko batzuk izan genituen, eta horregatik luze batzuk errepikatu egin behar izan genituen. Askoz azkarrago igo daiteke. Abentura handia izan da, eta zailtasunari baino garrantzi handiagoa eman diogu arriskuari. Garai hartako material zaharra dauka: espitak bileretan, iltze gutxi batzuk eta berun asko hirugarren eta laugarren luzeetan».

Egoera horren guztiaren aurrean Buhl eta Huber-ek tentu handiz jardun behar izan zuten: «Guk friendak, fisureroak, camalotak eta bere lekuan zeuden iltze bakan batzuk babesleku bezala erabili ditugu. Eta horretaz gain, gakoak. Bai, baten bat harritu daiteke, baina nire eskalada ibilbidean behin baino gehiagotan erabili ditut; lan bikaina egiten dute. Laugarren luzean (buruarentzat gogorrena) 15 metro garbi-garbi zeudenez, lau gako jarri behar izan nituen».

Zailtasun teknikoari dagokionez, protagonistok diote ez diotela garrantzi berezirik eman: «Lehen luzea 7c da, bigarrena 8a eta, ondoren, 7b+ graduko beste bi daude. Zailena ez da bigarrena, baizik eta gainerakoak, babesleku oso eskasak eta txarrak dituztelako. Zailtasun hutsak ez du garrantzirik, baizik eta hainbat luze era askean eskalatu eta babesleku bezala berunak soilik edukitzea. Min hartzeko edo hiltzeko arrisku handirik gabeko 20 metroko erorikoak egon daitezke, hormatzar horrek, tentea izateaz gain, eroria duelako. Esan dudan bezala, geure buruak segurtatzeko gakoak erabili ditugu. Berezia eta bakarra da, bai, baina hala egin behar genuen».

Azkenik, eskalatzaile alemanek bidea zabaldu zutenak zoriondu nahi izan dituzte: «Garai hartan erabili zuten estiloa harrigarria eta txalogarria da. Guk beste era batera igo dugu».