GARA
SESTAO

«Abarkas» eta Beñat Ugartetxea sartu dira finalaurrekoetan

Eneko Abasolo «Abarkas»-ek eta Beñat Ugartetxeak lortu dute Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoetarako txartel bana. Lehena joan den larunbatean Sestaon jokatutako saioan nagusitu zen eta bigarrenak Igorreko kanporaketan eskuratu zuen txartela.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udagoieneko faseko bigarren kanporaketan 150 bertsozale elkartu ziren Sestaoko musika eskolako aretoan joan den larunbatean. Eneko Abasolo “Abarkas” nagusitu zen 447 puntu poltsikoratuta. Markina-Xemeingo finalaurrekoan jardungo da azaroaren 19an.

Bigarren Arrate Illaro sailkatu zen (431 puntu), hirugarren Peru Vidal (426) eta horien atzetik Asier Galartza (411,5), Inazio Vidal (409) eta azkenik Josu Landeta (406).

Gai jartze lanetan Idoia Anzorandia aritu zen.

Igorreko saioan, 250 lagunen aurrean, Beñat Ugartetxea gailendu zen, 487 punturekin. Bigarrena Julen Erezuma (444) izan zen eta hirugarrena Malen Amenabar (437,5). Ondoren, sailkatu ziren Iñaki Iturriotz (385), Arkaitz Zipitria (382) eta Paule Ixiar (326).

Gai-emaile zereginetan Begoñe Olabarria jardun zen. Epaimahaikide, berriz, Alaitz Etxanobe, Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Jaio, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi izan ziren bi saioetan.

Larunbat honetan Leioan jokatuko da datorren kanporaketa. Kultur Leioa auditoriumean da hitzordua, 17.30ean.

Ander Elortegi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Joseba Artza, Joseba Barandiaran, Mikel Goiriena eta Txaber Altube arituko dira.