GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako egoitzetan 300 leku berri; EH Bilduk adostutakoa apurtu dela dio

Zahar-etxeetako itxarote zerrendak arintzeko 300 leku berri eskainiko dituela iragarri du Gipuzkoako Aldundiak 2016-2019 artean. EH Bilduk murrizketa dela esan du, aurreko foru gobernuak 228 plaza sortzea adostu baitzuen Lakuarekin, baina ez lau urtean, bi urtean baizik.

Biztanleriaren zahartzea «arazo sistematikoa» izateaz gainera, «erronka» handia dela onartuta, Gipuzkoako Aldundiak zaharren egoitzetan 2016-2019. urteen artean 300 leku sortuko dituela iragarri zuen atzo, lurralde osoan barreiatuta. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Batzar Nagusietan aurkeztu zuen SiiS dokumentazio eta ikerketa zentroak egindako azterketa eta haren ondorioak.

«Plaza gehiago sortu arren, estaldurak murrizten joan dira Euskadin aurreko hamarkadaren amaieratik, adinekoen kopurua eskaintzen diren plazak baino azkarrago hazten ari baita», arrazoitu zuen. Erantsi zuenez, 2013tik itxarote zerrendak «hazi egin dira» eta gabezia handienak Buruntzaldean eta Oiartzualdean daude. Horren harira, baieztatu zuen egoitza bat irekiko dutela Irungo Arbesen. Proiektuak 864 pertsonak osatzen duten itxarote zerrenda murriztu nahi du, diputatuak esan zuenez.

Iragarpen gehiago egin zituen Peñak; baieztatu zuenez, erreferentziazko zentro berri bat irekitzeko asmoa du Aldundiak, «zahartzea eta ezintasuna artatzeko eredu berritzaileak erabiliko dituena». Pasaian jartzeko lanetan dabiltza, eskaera tasa handia delako han.

Azkenik, ziurtatu zuen Gipuzkoako Aldundiak, bere aurrekontu ahalmenaren arabera, 2016-2019 aldirako aurrekontu agertokia zehaztuko duela, leku kopurua «gehiago» handitzea eta tarifak gehitzea ahalbidetuko duena.

Lakuarekin adostutako Mapa

Zenbakiok ez zuten EH Bildu asebete; izan ere, koalizioak ondoren ohar bidez jakinarazi zuenez, Aldundiak 300 leku berri iragarri arren, «ez da betetzen ari ez Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusten zen lekuen sorrera, ezta Maparen garapenerako planak jasotzen duen konpromiso ekonomikoa».

«Helburu horrek atzerapausoa suposatzen du, aurreko legealdian egindako apustuarekin alderatzen badugu». Ernesto Merino batzarkideak gogorarazi zuenez, aurreko legealdian Zaharren Egoitzen Mapa adostu zen Lakuako Gobernuaren eta Aldundiaren artean, eta mapa horretan adinekoentzako egoitza zein eguneko zentroetan 2016an eta 2017an 228 leku berri sortzea aurreikusten zen. «Hau da, Mapan ia-ia bi urteko epean lortzea planteatzen zena orain Foru Gobernua lau urtean lortzea planteatzen ari da». Horren ondorio da, EH Bilduren hitzetan, itxarote zerrendak %25 handitu izana EAJ-PSEren foru gobernuaren lehenengo urtean.

 

Bizkaiko zahar-etxeek hiru asteko greba hasi dute, erabiltzaileen senideek babestuta

«Erabateko arrakastatzat» jo zuen ELAk Bizkaiko egoitzetan atzo hasi zen grebak izan zuen erantzuna. Lanuzteak hiru astez luzatuko dira etenik gabe, baina gatazka hasi zenetik 32 greba egun egin dira guztira. Atzo Bilbon izan zen manifestazioan zahar-etxeetako langileek eta erabiltzaileen senideek elkarrekin parte hartu zuten, azken hauek protestan ari diren langileei sostengua publikoki emateko asmoz.

Sindikatuak ohar bidez salatu zuenez, «patronalek lantokietan presio handia egin eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak» izan ziren eta, erantsi zutenez, «gutxieneko zerbitzu horiek eragotzi dute greba eskubidea erabiltzea hainbat txandatan eta hainbat egoitzatan».

Sektoreko patronalek proposamen bat aurkeztu zuten iragan urriaren 4an Lan Harremanen Kontseiluan, baina ez zen akordiorik izan. ELAren iritziz, proposamen hori «arduragabekeria» izan zen. «Sei euroko soldata-igoera eta bi orduko lanaldi-murrizketa eskaini dituzte, eta ezezko biribila eman diete garrantzi handiko gai batzuei, besteak beste, oraingo ratioak eta lan-kargak hobetzeari», sindikatuaren esanetan.

Greba sorta berri honekin, «blokeoa» apurtu nahi dute. Gogorarazi zutenez, Aldundiak oheen %70 finantzatu arren, «ez du negoziaketetan parte hartu nahi», Gaizka Miguel ELAko ordezkariak adierazi zuenez. GARA