Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Hemingway espazioa» bistaratzeko liburu-gida

Lurraldetasuna gainditu eta «Hemingway espazioa» marraztera datorren liburu-gida da «Comer con Hemingway». Idazle estatubatuarrak Euskal Herriko, Aragoiko eta Errioxako gune ezberdinak bisitatu eta horiek utzitako arrastoa agertu zuen hainbat idatzitan. Horiek eta 52 sukaldariren proposamenek osatzen dute gida turistiko-gastronomiko hau.

Iruñeko sanferminez gain, Euskal Herriko eta inguruko beste hainbat gunek ere utzi zuten arrastoa Ernest Hemingwayrengan, eta horiei hainbat erreferentzia egin zizkien gerora idatzi zituen eleberrietan, eskutitzetan eta bestelako idatzietan. «Nolabait, inguruak berarengan utzi zuen arrastoaren berri eman izan zuen modu ezberdinetara, eta gida honen bidez lurraldetasunarekin hautsi eta ‘Hemingway espazioa’ ezagutarazi nahi izan dugu», argitu du “Comer con Hemingway” liburuaren egile Javier Muñozek.

Euskal Herriaz gain, Aragoik eta Errioxak osatuko lukete delako “Hemingway espazio” hori, eta Muñozen lana inguru horren gainean idazle estatubatuarrak idatzi zituenak bildu, eskualdeka sailkatu eta horien ondoan goi-mailako sukaldari banak egindako proposamen gastronomikoa biltzea izan da. «Hemingwayren oroitzapenak dira bisitaria eskualdean barna gidatuko dutenak eta, aldi berean, horiek tokiko natura, kultura eta gastronomia ezagutzeko aukera ere izango dute», zehaztu du Muñozek. Guztira, gidan marrazten den geografia osoko 52 sukaldarik hartu dute parte proiektuan, horien artean Pedro Subijana, Josean Alija, Karlos Arguiñano eta Martin Berasategi euskal sukaldari ezagunek. Guztira, Michelin gidako 25 izar pilatzen dituzte.

«Gidak duen kapitulu bakoitzean leku baten gaineko xehetasunak ematen dira, horien gainean Hemingwayk idatzi zituenak ekartzen dira gogora, oroitzapen asko tartean. Badaude Bilboko kontuak, Iruñea, Hendaia, Errioxako herrixka ezberdinetakoak... Eta, horiekin batera, menu bat. Sukaldari bakoitzari ingurunearekin harremana zuen menu bana osatzeko eskatu genion, eta izugarria izan da jaso dugun erantzuna», ziurtatu du. Gidan menuen proposamena soilik egiten bada ere, QR kodeen bidez papera eta interneten arteko lotura egin nahi dutela ere zehaztu du Muñozek eta, hala, kode horiek erabilita goi-mailako sukaldari bakoitzak proposatutako menuaren errezeta ikusi ahalko da sarean.

Aldi berean, liburuarekin Luis Irizar sukaldariari «omenalditxoa» egin nahi izan zaiola ere nabarmendu du Muñozek. «Nazioarteko sukaldaritzaren maisu eta sukaldaritzaren eraldaketaren eragile» izan den adituak idatzi du liburuaren hitzaurrea.

Material grafikoa

Irudi askoko liburua da “Comer con Hemingway”. «Argazkiei garrantzia eman nahi izan diegu eta material asko bildu dugu argitalpena osatzeko. Irudi horietako asko, gainera, orain artean argia ikusi gabekoak dira. Guztira hirurehun orrialdeko liburua da, ia kilo beteko pisua duena, eta egin dugun ikerketa lanaren ostean bildutako argazkiak jasotzen ditu», nabarmendu du.

Era berean, eta askorik zehaztu nahi izan ez badu ere, argitalpen hau «proiektu handiago baten lehen zutabea» dela ziurtatu du Muñozek: «Instituzio ezberdinekin ari gara lanean zer egin daitekeen ikusteko, eta esan dezakedana da datozen hilabeteetan ere izango dela proiektu honen berri». Liburu-gidak argia ikus dezan parte hartu dute Jaurlaritzak, Basquetour-ek eta Nafarroa, Errioxa eta Aragoiko turismo sailek.

Proiektuaren lehen ale hau liburu-dendetan salgai dago jada, 25 euroren truke.