Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

Aspalditik liluratzen duen etorkizuneko izarra

Denya Castellanosek Brontzezko Bota eta Baloiaeskuratu ditu Jordanian, bere ibilbideari jarraipenaemanez. Florida Stateko aurrelari venezuelarrak 15urterekin debutatu zuen selekzio absolutuarekin.

Fuka Nagano, Noelia Ramos, Sung Hyang Sim... Ostiralean amaitu den Jordaniako 17 urtez azpiko Mundu Txapelketak izen propio ugari utzi du. Zale arduratuenek euren agendan idatz dezaketen zerrenda, hurrengo urteotan dirdira egingo duten izarren urratsei jarraitzeko.

Batzuen izena, ordea, «etorkizuneko jokalaria» delako etiketa jaso arren, aspalditik ikasia dute ikusleek. Guztien artean Deyna Castellanos gailentzen da. «Reina» Castellanos, baten batek arrazoi osoz bataiatu duen bezala, adinaren arabera «printzesa» titulua besterik egokituko ez balitzaioke ere, bere lehenbiziko 17 urteetan ibilitakoak titulu goren baten merezimendudun bilakatzen baitu argi eta garbi.

Izan ere, Jordanian aritu aurretik, orain dela bi urte Costa Ricako Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen aurrelari venezuelarrak. 15 urte besterik ez zituen baina Urrezko Bota irabazi zuen. Are gehiago: urte bat lehenago Bolivartar Jokoetan parte hartu zuen eta 2014an bertan, Venezuelako hautatzaileak selekzio absolutuarekin eraman zuen Amerika Kopa lehiatzeko. Taldekako emaitzak irregularrak izan badira, Castellanosek erantzun ezin hobea eman die beti itxaropen handienei: bera izan da golegile nagusia 2014ko 17 urtez azpiko Mundu Txapelketan, 2014ko Nankineko Gazteen Olinpiar Txapelketan, aurtengo 17 urtez azpiko Hego Amerikako Txapelketan eta amaitu berri den Munduko Txapelketan –azken honetan Lorena Navarro eta Ri Hue Yonekin berdinduta–.

Ez da Jordanian lortu duen sari bakarra, Brontzezko Baloia eskuratzeaz gain, astelehenera arte FIFAren webgunean bozkatu daitekeen Txapelketaren golik onena ere berarena izan baitaiteke. Bi hautagaitza dauzka hamar finalisten artean, Kanadari sartutako lehenbizikoa eta Kamerunen aurka ospatutakoa. Bere bertuteak ezin hobe irudikatzen ditu azken honek: azken minutuan sartu zuen, markagailua berdindua zegoela, zelai erdiko zirkulutik sekulako eskuinkada joz. Kalitate teknikoa, gaitasun fisikoa eta nortasuna irudi bakar batean laburbilduta.

Ameriketako Estatu Batuetan disfrutatzen ari dira egun venezuelarraren eskuin hanka magikoarekin, Floridako Unibertsitateko taldean baitihardu irailetik, ohiturak aldatu barik joko zelai berrian: Jordaniara joan aurretik bere taldearekin jokatu ahal izan zituen zortzi partidetan, zortzi gol sartu zituen.

Castellanosen kasuan, etorkizuna orainaldian idazten da.

 

Ipar Koreak bere bigarren txapela eskuratu zuen

Asian geratu da aurten ere, bosgarren aldiz, 17 urtez azpiko Mundu Txapelketa. Ipar Koreak eskuratu du, hain zuzen ere, titulua penaltien txandan nagusitu arte ospatu ezin izan bazuen ere, finalean Japoniarekin berdindu ondoren (0-0). Aurreko txapeldunari irabaziz, Jong Bok Sinen taldea bigarren urrea lortzen duen lehen selekzioa da, historiako lehen Txapelketa ere, Zeelanda Berrian 2008an lehiatutakoa, irabazi egin baitzuen.

Podiumaren hirugarren postuan Espainiak amaitu zuen, Venezuela aise gainditu ondoren (0-4), Lorena Navarroren protagonismoarekin, hiru gol sartu baitzituen. Brontzezko dominarekin itzuli dira beraz, etxera, Damaris Egurrola, Maria Blanco, Oihane Hernandez eta Leyre Monente zuri-gorriak eta Nerea Eizagirre txuri-urdina.A.U.L.