Astea

Jardunaldia. Liga txapelketa berrabiatuko da asteburuan, zortzigarren jardunaldiko lehiarekin. Hiru euskal taldeek igandean jokatuko dute, 12.00etatik aurrera. Athleticek Atleticoren bisita jasoko du Basozabalen (GolTV), Oiartzun Valentziaren aurka arituko da Karla Lekuonan (ETB1) eta Realak Fundación Albacete bisitatuko du.

Ebakuntza. Chini Pizarrok ebakuntza-gelatik pasatu behar izan du, min arinagatik izan bada ere. Hain zuzen, ebakuntza elektrofisiologiko kardiako terapeutikoa egin diote Realeko jokalariari. Ospitalean 24 ordu eman ondoren etxera itzuli zen eta bi aste barru lehiatzeko prest egongo da.

Lagunartekoa. Realak Oiartzun menderatu zuen (1-0, Irene Yanguas), Pasaiaren 75. urteurrena ospatzeko Don Boscon larunbatean jokatutako lagunartekoan.

Etorkizuna. Futbol Drafteko finalistak aukeratu dituzte, postu bakoitzeko hiru hautagai utziz. Euskal futbolaren ordezkaritza zabala da. Mariasun Quiñones, Garazi Murua, Leire Baños, Ainhoa Vicente, Maria Diaz Cirauqui, Maite Oroz, Nahikari Garcia, Lucia Garcia eta Paola Soldevila eta Nuria Mendoza Realeko jokalariak sailkatu dira azken bozketarako.

Fitxaketak. Arsenal Ladies utzi ondoren, Marta Corredera Atleticora itzuli da, Natalia Pablos golegile historikoak Rayoren kamiseta jantziko du berriro eta Vicky Losadak Bartzelonara itzultzeko eskaintza dauka. Rayok, gainera, Rositaren itzulera ere lortu du.

Saria. Emakumezkoen futbolak berezko saria izan zuen lehen aldiz LFParen Sarien Festan. Jenni Hermosok eskuratu zuen, hain zuzen ere, aurreko denboraldiko golegile nagusia izateagatik. Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dagoenez, Marta Unzue Bartzelonako kapitainak jaso zuen saria bere taldekidearen izenean.

Ukoa. Nuria Garrote Espanyoleko jokalariak, arrazoi pertsonalak direla-eta, azaroan jokatuko den 20 urtez azpiko Munduko Txapelketara ez dela joango jakinarazi du.