Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Diseinatzaile profesionalaren eta tipografo zaletuaren obrak

Begiaundi Press Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoaren ezizena da. Tipografia zalea, prentsa batekin egindako obra bilduma ikusgai du Ekain Arte Lanak galerian. Irudi geometrikoak eta abstraktuak nagusi dira, Nashvillen sortutako poster batzuekin batera.

Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoa da ogibidez, baina betiko zaletasuna du tipografia. Urte asko daramatza lanean eta egun batean bestelako zerbait egiteko gogoa sentitu zuen. Tipografia eta diseinua batuta, prentsa txiki batekin probatzen hasi zen. Hala abiarazi zuen Begiaundi Press ikerketa eta esperimentazio lantegia. Ezizenak txibiari erreferentzia egiten dio, tintak bere jardunean duen garrantziagatik. Lehen erakusketa Dela Store jantzi dendan egin zuen. Oraingoak, aldiz, azaroaren 26a arte Ekain Arte Lanak galeriako hormak beteko ditu.

Aurten egindako 22 obrako bilduma da. Asko serie moduan sortuak, zalea baita, eta zuri-beltza da nagusi. Hala ere, urdina eta gorria ere baliatu ditu zenbaitetan. Hautua eta beharra batu ditu Lanzagortak erabaki horretan. «Nahita mugatu nuen neure burua. Batetik, gustuagatik, atsegin ditut kolore horiek; eta bestetik, kolore asko erabiliz gero, energia asko jarriko nukeelako horretan; ez baitaramat horrenbeste denbora honetan».

Konposizio abstraktuak dira, hainbat kasualitatez sortuak. Zerbait modularra egiteko gogoa zuen eta ustekabean inprimategi zahar bateko ezkutatutako orla batzuk topatu zituen. Horiek baliatuta, batzuetan ageri diren irudi geometrikoak egin ditu. «Obrek jariatzen dutena motibo geometrikoa da. Guztiek hori dute komunean, batzuk serieak badira ere». Tipo bilduma laburra edukita, eskura duena darabil. Lanetako bi, esaterako, esaldiak banatu eta konposizioei eusteko jartzen diren bakelita piezekin egin ditu. Beste batzuk, berriz, tipoaren oinarri den berunezko edo egurrezko zatiekin, testurak sortuz.

Arituz ikasi

Autodidakta da Begiaundi. Prentsa txiki batekin hasi eta bere kabuz ezagutza pilatzen doa: bideo-giden bidez, gainerakoek nola egiten duten ikusiz eta teknika ezagutzen duten inprimatzaileei galdetuz. Ofizioa modu tradizionalean ikastean suertatzen ez diren gauza askotaz jabetu dela dio. Baita sortzen doan neurrian esperimentatu egiten duela ere. Batzuetan nahita, beste batzuetan, behartuta. Izan ere, muntatzean diseinua moldatu beharra izan baitu hainbatetan, aurrez pentsatutako zenbait gauza egiteko aukerarik ez zuela ikusita. Hala ere, alderdi hau da egilearen gustukoena.«Zuk zeuk muntatu, eskuekin konposatu eta inprimatzeak xarma berezia ematen dio. Artisau lana da erabat».

Udan 1879tik zabalik dagoen Hatch Show Print inprimategian praktikak egiteko aukera izan du Nashvillen (AEB). Ezagutzak sakontzearekin batera, kartelak diseinatzeko eta inprimatzeko aukera ere izan du Lanzagortak. Enkarguak izan dira nagusiki, eta horietako lau ikusgai jarri ditu. Bereziak dira gainerakoekin alderatuta, bestelako koloreak eta letrak dituztelako. Esposizio honetan salbuespena badira ere, hizkiak berriro erabiliko dituela argi du, gustuko baititu. «Asmoa bilduma zabaltzen joan eta aukera gehiago izatean itzultzea da».