GARA
VILLABONA

Euskal kantagintzaren ondarea aztertuko dute bihar Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan

Xenpelar Dokumentazio Zentroak hirugarren urtez antolatu ditu erakundearen izen bera daramaten jardunaldiak, eta aurtengoan euskal kantagintzaren ondarea izango da topaketako gai nagusia, eta helburua, aldiz, tradiziozko kantagintzak dokumentazio mailan duen egoera aztertzea izango da.

Jardunaldia bihar bertan izango da, 18.30etik aurrera, Villabonako Subijana etxean, eta bertan parte hartuko dute Jon Baguesek (Eresbil), Igone Etxebarriak (Labayru), Jean Mixel Bedaxagarrek (Sü Azia) eta Maite Deliartek (Euskal Kultur Erakundea, EKE).

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak «dokumentazioaren alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren» antolatzaileen esanetan.

Hirugarren edizio hau ere Mintzola Ahozko Lantegiko Elkargunearen baitan, euskal sorkuntzen inguruan antolatu dela nabarmendu zuten. Aurreko biak antzerkiaren eta dokumentazioaren alorrak landu zituztela ere ekarri zuten gogora antolatzaileek.