Idoia ERASO
URRUÑA

Lapurdi hegoaldetik Elkargo Bakarrerako bide zalantzatian ikuskizunen bitartez aitzina doaz

Hego Lapurdiko Hiriguneak ekainera arteko kultura denboraldi berria aurkeztu du. Ipar Euskal Herria elkargoa urtarrilaren 1ean sortuko den honetan, elkargo bakarrean kulturak zer toki izango duen ez dago argi.

«Bakoitzak bere ikuspegia, bakoitzak bere denboraldia», lelo horrekin aurkeztu dute Hego Lapurdiko Hiriguneko 2016-2017 kultura denboraldia. Aniztasunaren kutsua eman diote aurtengo egitarauari, Patxi Belly hiriguneko Kulturako komunikazio arduradunaren esanetan: «Begi handi eta ttipiak, bakoitzaren adinaren arabera nahi diegu lagundu beraien burua eta bihotza irekitzen».

Programazio honen ezaugarrietako bat «ibiltaria» izatea da, hau da, hiriguneko udal guztietan emanaldiak antolatzen dituzte. «Denetan eta denentzat» egiten dutela baieztatu zuen Bellyk, horretarako, gela ofizialik ez duten tokietan herriko etxeekin lan eginez. Hamasei ikuskizun aurkeztu dituzte, eta 170 saio programatu, horietatik hogei publiko orokorrarentzat, eta gainerakoak, hezkuntza zentroekin eramandako elkarlanaren bitartez, ikasleentzat.

Ipar Euskal Herriko lurralde askotan ez bezala, Hego Lapurdiko Hirigunean euskararen presentziak beti izan du garrantzia, eta programatzen diren hamasei ikuskizunetatik sei euskaraz dira. Lehentasuntzat dituzte, halaber, sorkuntzak bultzatzea, eta zuzeneko emankizunekiko sentsibilizazioa.

Elkargo Bakarra

2017ko ekainera arte osatu dute programa, eta 2017-2018koaren prestaketan ere abiatuak dira Lapurdi hegoaldeko erakundean, nahiz eta garai horretarako egoera zein izango den ez jakin. Izan ere, 2017ko urtarrilaren 1ean Ipar Euskal Herria Elkargoa abian jarriko da. Bi hilabete eta erdi eskas falta dira egitura martxan jartzeko, eta beste eremuetan bezalaxe, kulturan ere egoera zein izango den ez dakite.

Hiriguneetan Kulturaren eskumena hautazkoa izanik, herriko etxe guztiak barne geldituko diren ere ez dakite. Elkargo Bakarraren baitan orokortzen bada kultura, erakunde ezberdinetan euskararekiko dagoen sentsibilitate ezberdintasunak zein ondorio izan ditzakeen ezin da aurreratu. Bitartean, langileak beraien artean harremanetan hasi direla erran zuen Bellyk: «Martxan gara beste herri elkargo eta hautetsiekin ere».

 

Antzerkia, dantza, zirkua, musika... egitarau oparoan

Euskaraz eta frantsesez, bertakoa zein kanpokoa, denetarik eta denendako egongo da ekainera arte Hego Lapurdiko Hiriguneko programazioan.

Kiribil konpainiaren “iZ” musika eta antzerki piezaren estreinaldia izango da abenduaren 7 eta 11n. Beste estreina bat izango da Hiriguneak, Errobiko Hamekarekin, eta Donostia 2016ko laguntzarekin egin duen “Azken itzulia”, otsailaren 19an. Rouge Elea konpainiaren “Hauxe da nire ametsetako kolorea”-ren frantses bertsioa izango da urtarrilaren 29an.I. E.