Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Miliauskaite, Mallarme eta Holub, udazkeneko Poesia Kaierak

Susa argitaletxea munduko poeta handien obrak euskarara ekartzen egiten ari den ahaleginak beste hiru fruitu eman ditu. Gaurtik, euskaraz irakur daitezke Nijole Miliauskaite lituaniarraren, Stephane Mallarme frantsesaren eta Miroslav Holub txekiarraren poemak, beste horrenbeste itzultzaileren eskutik: Leire Bilbao, Josu Landa eta Karlos Cid, hurrenez hurren. Jada hemezortzi antologia biltzen ditu Munduko Poesia Kaierak bildumak.

Udazkenarekin batera aurkeztu ditu Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bilduma aberastera datozen ale berriak: Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holub poeten olerki adierazgarrienen euskararako itzulpenak.

«Orain hiru urte hasi ginen eta dagoeneko hemezortzi ale ditugu. Ematen du atzo hasi ginela eta emaitzarekin oso pozik gaude», ziurtatu zuen Beñat Sarasola itzulpenen koordinatzaileak eta, balantzea egiteko orduan orain arte hizkuntza hegemonikoak nagusitu zaizkiela aitortu ostean, udazken honetako emarian hizkuntza gutxituetan aritu diren poetak nabarmendu direla esan zuen.

Miliauskaite (1950-2002) lituaniarra da horietako bat, euskarara Leire Bilbaoren ahaleginari esker ailegatu dena. Herrialdeko poeta ezagunena ez bada ere, egun haren lana hauspotzen ari dela ziurtatu zuen Sarasolak, eta Bilbaok haren poesiagintzaren bidez «Lituania intimo batera» bidaiatu daitekeela ziurtatu zuen: «Ezinegona sorrarazten dute, itxura batean poema xaloak badira ere, ahots xuxurlariz kontatuak». Estiloari dagokionez, makramearekin parekatu zuen Bilbaok haren idazkera «minimalista», «ez baitzuen ia apaingarririk erabiltzen, hitz bakoitza josi eta denboran iraungo zuen eskulana egiten zuen». Poema gehienei ez zien izenbururik eman, letra txikia erabiltzen zuen eta kasik ez zuen puntuazio zeinurik erabili. «Hain zen umila bere poemetan ere hala ikusten zela», aipatu zuen Bilbaok.

Bizitokiaren gaineko hausnarketek hartzen dute nagusitasuna Miliauskaiteren poesiagintzan eta, 1991n Lituaniak independentzia eskuratu aurretik “etxea”-ri egiten zitzaizkion erreferentziak naziotasunarekin lotzen baziren ere, «berak etxea bere eremu pertsonalera eraman zuen». Eta, Lituanian aski ezaguna izan ez bazen ere, haren obra hainbat hizkuntzatara itzulia izan dela ekarri zuen gogora Bilbaok, bere herrialdean hainbat sari jaso zituela nabarmenduz, eta Miliauskaite euskarara ekartzeaz harro agertu zen, «poeta bat ezagutzeko modu onena hura itzultzea baita».

Hitza hartzen bigarrena Josu Landa izan zen, Stephane Mallarmeren (1842-1898) hainbat lan euskarara ekartzeaz arduratu dena. Miliauskaite ez bezala, Mallarme aski ezaguna da bere sorlekuan, Estatu frantsesean. Landaren esanetan, idazle bat klasikotzat har daitekeen erabakitzeko hurrengo urteetan izan duen eraginari begiratu behar zaio eta, alde horretatik, «sinbolistek, dadaistek, futuristek... baita poesia bisuala idatzi zutenek ere aitortu zuten Mallarmeren obrarekiko zuten zorra». Bere poesiagintzatik, «guztiok errealitatetzat duguna deseraiki» eta errealitate berriak sortu zituela nabarmendu zuen Lasak, «hitzen eta esaldien zizelkari» gisa egin zuen lana azpimarratu zuen, esanahi ezberdinak dituzten hitzekin jolastuz, esaterako. Arte plastikoak eta musikak bere poesian lekua izan zutela zehaztu zuen.

Gizakiaren gaineko gogoetak

Azkenik, Miroslav Holub-ek (1923-1998) txekieraz egin zuen bere ekarpena, eta Karlos Cid Abasolok ekarri du euskarara. Poeta eta itzultzailea izateaz gainera, Holub immunologoa ere bazen eta zientziak izan zuen lekua bere poesian. «Gizakiaren gainean zituen pentsamenduak islatzeko modua izan zuen poesia, eta historiako eta literaturako pertsonaiak ere ageri dira bere obran, Napoleon eta Kafka esaterako», azaldu zuen Cidek.

Bere obran «eguneroko gertaerez» idatzi izan zuela nabarmendu zuen Cidek, eta bertso librea eta neurririk gabea erabili zuela ere aipatu zuen, «eta hori ez da oso ohikoa poesia txekiarrean».

Cidek itzulpena egiten orain 30 urte hasi zela esan zuen, 1987-88an Pragan egonaldia egin zuenean. «Bera ezagutzeko aukera izan nuen eta gustatu zitzaion bere lana euskaraz ematearen ideia», esan zuen, baina orain artean «tiraderan» eduki duela aipatu zuen.