Lander GARRO
Idazlea

Borroka bai, jaiak ere bai

Jaiak bai, borroka ere bai”: 80ko hamarraldian ezagun egin zen leloa, eta haren helburua zen festaren erdian matxinadak isla txiki bat izan zezala. Gertatzen zelako herria halako horditze kolektibo batean erortzen zela, eta ez zeudenak are eta urrutiagora eramaten genituela, geure poz bete eta zoroan. Nazionalismo instituzionalistak gogorki kritikatu izan zuen borroka jaiaren plazara ekartzeko ekimen oro, eta EGIko gazteek “Jaietan jai” leloa asmatu zuten. Ez zuten inoiz sobera irudimenik izan, soberan da esatea. Kontua da hori hala izan zela eta orain gogora ekartzea tokatzen zaidala, askotan bai baitaukat irudipena borrokan jai egitea oso izan dela joera kamutsa geurean. Hots: oso serio hartu izan ditugula kontu belikook. Eta egunotan, Altsasuko oldarraldiaren ostean, armateria mediatiko guztia geure buruen gainean jausi denean, falta izan zaigula etsaia nor den eta etsaiak nola jokatu izan duen oroitzea, hots, jokatu izan duela asmo kriminalez, besterik gabe, zapalkuntzaren logikaz. Eta alferrik dela arrazoitzea, taberna borroka hutsa izan zela eta abar: guri bost (haiek diotena). Egin beharko genuke festa bat antolatu, manifa bainoago; festa bat geure buruaren alde. Haiek aipatu gabe. Ignoratuz. Alegia, gudua bai, baina jaia ere bai. Ze, izan beti da beharrezkoa jaia, baina are beharrezkoagoa Madrilek kondor legioa bidaltzen duenean. Badakigulako nondik heldu diren, eta zertara.