Arantxa MANTEROLA
BAIONA

DPSM enpresa zigortuta, bi langile hil ziren Biarritzeko lan istripuagatik

Duela zortzi urte ur kanalizazioak konpontzen ari zirela, uholde batek harrapatuta zendu ziren bi langileen istripuan erantzukizuna izan zuelakoan, Baionako auzitegiak haien familiei 92.500 euroko kalte-ordainak ematera zigortu du DPSM Okzitaniako Tolosako enpresa.

Ia zortzi urte itxaron behar izan dute bi langileen familiek epaia izateko. Izan ere, 2008ko abenduaren 2an gertatu zen Biarritzeko erdialdean ur kanalizazioak konpontzen ari zirela DPSM enpresako hiru langileek izandako istripu larria. Lur azpiko kolektorean lanean ari zirela, izugarrizko euri zaparrada izan zen eta ura berehala filtratu zen.

Hiru langileetako batek oihuka alarma eman zien eta handik ateratzea lortu zuen, baina beste bi lankideak bertan itota hil egin ziren.

Iazko abenduan izan zen epaiketa Baionako auzitegian. Orduan biktimen abokatuek prozeduraren luzamendua salatu zuten, horrek hildakoen senideei eragiten zien kaltearengatik, baita bizirik atera zen langilearen egoera psikologikoagatik ere. Errudun sentimendu itzela dela medio, etxe-zuloan sartuta bizi zela jakinarazi zien epaileei.

Arriskuak aurreikusi gabe

Fiskalak nabarmendu zuen «horren arriskutsua» zen lan eremuan ez zegoela «ez arriskuen aurretiazko ebaluaziorik, ez prebentzio planik». Are, hartutako segurtasun neurriak ez zirela «nahikoak» izan gaineratu zuen, eta langileen segurtasuna ez zegoela «bermatuta».

“Sud-Ouest” egunkariak argitaratutakoaren arabera, enpresak erantzukizun zibila duela ebatzi dute orain epaileek, eta bi biktimen familiei zein bizirik atera zen langileari 92.500 euroko kalte-ordainak ematera kondenatu du.

DPSM Okzitaniako Tolosako enpresa bat da eta gaur egun jardunean segitzen du, nahiz eta Biarritzeko istripua gertatu ondotik zuzendaritza aldatu egin zuten.