GARA
BILBO

Ibai Aginagari babesa emateko itxialdia egin dute Sevillako presoek

Sevillan kartzelatuta dauden euskal presoek itxialdia egin zuten atzo Ibai Aginagari babesa adierazteko, Etxeratek ohar batean azaldu duenez.

Izan ere, Aginagaren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, urriaren 19an Sevillako ospitalera eraman behar zuten presoa, hilabete batzuk aurrerago eskatutako mediku bisita izateko –gaitz kardiako bat pairatzen du–, baina espetxetik ateratzeko unean, ospitalera eraman behar zuten guardia zibilek biluzte integrala exijitu zioten, eta euskal presoak ez zuen onartu. Egoerak, Etxeratek salatu duenez, tentsio handiko uneak sorrarazi zizkion presoari eta guardia zibil bat berari erasotzen saiatu zen. Geroago, bere borondatez kontsultari uko egiten zion dokumentu bat sinatzeko aurkeztu zioten, baina Aginagak sinatzeari uko egin zion. Izan ere, berak arauditik kanpoko katxeo bat onartzeari uko egin zion, baina ez kontsulta medikoari. Haatik, Guardia Zibilak ez zuen ospitalera eraman. Hau guztia salatzeko, Sevillan diren euskal preso politikoek txapeoa egin zuten atzo.

Bestalde, Aginagak berak asteartean amaitu zuen lau egun lehenago larriki gaixo diren presoen alde hasitako gose greba, konortea galdu baitzuen bere ziegan. Gose greba amaituta, Aginagak ere itxialdia egin zuen.

Mobilizazioak

Euskal preso politikoen eskubideen alde, mobilizazioak egin dituzte egunotan hainbat herritan, hala nola Gernikan (43 lagun), Bermeon (20), Iurretan (42), Zaldibian (22), Astrabuduan (15), Laudion (57), Otxarkoagan (17), Ondarroan (36), Euban (7), Iruñean (63), Astigarragan (18) eta Altzan (20).