Asier AIESTARAN
PILOTA

Zalantzak uxatzeko garaia Irribarria eta Altunarentzat

Aramakoa neurri motzean lotu antzean dabilelako eta amezketarra bere unerik onenean ez dagoelako, bigipuzkoarrek ez dute nahi beste gozatu orain arteko partidetan. Igandean dute hori aldatzeko aukera.

Iker Irribarria eta Jokin Altuna zalantza askorekin iritsiko dira igandean Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietarako azken sailkatua erabakiko duen partidara. Buruz Buruko txapeldunak neurri motzera moldatzeko zailtasunak erakutsi ditu orain arteko neurketetan, eta Altuna berriz, sekulako uda egin ostean, unerik onenean ez dagoela antzeman da. Halaxe onartu zuten bi protagonistek atzo Atano III.a pilotalekuan egindako material aukeraketan.

«Nola nagoen ere ez dakit, egia esateko. Zalantza dezenterekin jokatu dut eta aurreko bi neurketetan ez dut nire benetako jokoa erakutsi. Hala ere, ahal dudan guztia egiten ari naiz», aitortu zuen, adibidez, Jokin Altunak. Amezketarrak 22-7 galdu zuen lehen jardunaldian Urrutikoetxearen kontra, eta bigarrenean 19-12 galtzen joan zen Victorren kontra, nahiz eta azkenean 10 tanto errenkadan egin eta garaipena lortu zuen.

Baikorrago agertu zen Irribarria, aurreko larunbatean Urrutikoetxearen kontra egindako lanarekin nahiko pozik. «Nahiz eta galdu, Urrutikoetxearen kontra sentsazioak hobeak izan ziren. Txapelketak aurrera egin ahala hobeto sentitzen naiz, distantziara hobeto moldatzen. Erosoago jokatu nuen, nahiz eta huts gehiegi egin. Oraindik gauza asko dauzkat hobetzeko», aztertu zuen Aramakoak bere orain arteko ibilbidea.

Aurrekaria, San Joan egunean

Biak horren gazteak izanik, eta aurtengo udan binaka elkarren aurka partida mordoa jokatu duten arren, ez dago aurrekari askorik Lau eta Erdian, profesional mailan behintzat –Elgetako finala jokatu zuten kadete mailan 2012an–. Dagoen aurrekaria kaiolako San Fermin Torneokoa da, San Joan egunez Eibarren jokatu zutenekoa, eta orduan Altuna III.ak irabazi zuen 16-22 Eibarko Astelenan.

«Partida hark ez du ondorioak ateratzeko balio. Bai ni eta bai Jokin prestaketaz oso justu iritsi ginen; orain askoz hobeto gaude», baieztatu zuen Irribarriak neurketari garrantzia kenduz.

Igandean espero duten norgehiagokaz galdetuta, azkenik, biek oso argi dute zer egin behar duten. «Partida azkarra izango da. Ikerrek pilota azkar ibiliko du, tantoa dominatuko du gehienetan, eta niri sufritzea tokatuko zait», iragarri zuen Altunak. «Pilota azkar ibili beharko dut, akats gutxi egin eta aukerak baliatu, bestela Jokin gainetik igaroko zait», gehitu zuen Iker Irribarriak.

 

Emakumeen nazioarteko zesta topaketa

Asteburu honetan emakumeen nazioarteko lehen zesta-punta topaketa izango da Bizkaian: bihar, 16.00etatik 19.00etara, Getxoko Fadura pilotalekuan eta etzi, 11.00etatik 13.00etara, Bilboko Deportivon. Aldundiak, Euskadiko eta Bizkaiko federazioek, eta Xistera elkarteak bultzatuta hamahiru herritako neskek zestan elkarrekin jokatzeko aukera izango dute. Konkretuki, Berriatua, Bartzelona, Biarritz, Getxo, Donibane Garazi, Donostia, Gasteiz, Markina-Xemein, Mutriku, Montones del Valles (Katalunia), Pau, Parmiers eta Pariseko emakumeak bilduko dira Izaro Arbe puntistaren eta Eskolen Sustapen Arloko arduradunaren koordinaziopean. Bihar arratsaldean kinielak jokatuko dituzte Getxon, printzipioz 24 pilotariren parte hartzearekin, eta igandean beste saio bat egingo dute Deportivon. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Bilbora inguratzen direnek kantxara irten eta zesta-punta probatzeko aukera izango dute.A.A.