GARA
JUBA

Hiru hegosudandarretik batek gosea pasatzen du gerraren eraginez

Hego Sudan munduko Estaturik gazteenak hiru urte daramatza barne gatazkaren ondorioak jasaten eta bakea gero eta urrutiago dago, uztailean Juba hiriburuan hasi ziren borroken ondorioz (ehunka hildako; amaiera noiz iritsiko den inork ez daki). Nazio Batuek egindako kalkuluen arabera, egoera horretan hiru herritarretik batek gosea pasatzen du, hau da, ia bost milioi lagunek.

NBEko adituek jakinarazi dute gatazkak kaltetutako eremuetan uztaren erdia alferrik galdu dela eta Hego Sudango inflazioa %836koa dela. Beraz, datozen hilabeteetan egoerak okerrera egingo du, batez ere Ipar Bahr El Ghazal estatuan.

Herrialdeak hamar estatu ditu eta horietako zazpitan malnutrizioa jasaten duten herritarrak populazioaren %15 baino gehiago dira, hau da, larrialdi mailak markatzen duen muga gaindituta dute. Ipar Bahr El Ghazalen bertakoen %33 daude egoera negargarri horretan.

Unicef erakundeak jakinarazi du aurten dagoeneko 170.000 ume tratatu dituztela: iaz baino %50 ume gehiago eta 2014an baino %150 gehiago. Hori bai, umeen %87 salbatzen dituzte.