Izkander FERNANDEZ
DURANGOKO AZOKA

AURREZ AURRE ELKAR EZAGUTZEN

LARUNBATAK EKAITZ BIZI BATEN ANTZA HARTU DU OSTIRALEKO BAREALDIAREKIN KONPARATUTA. PUBLIKO HELDUAK UME ETA GAZTEEN LEKUKOA HARTU DU ETA, ONDORIOZ, LANDAKOKO ERAIKINAREN KALEETAN JENDE UHOLDEA BIZI DABIL, SORTZAILE, EKOIZLE ETA PUBLIKOAREN ARTEKO SOLASALDI ERRALDOI BATI FORMA EMANEZ.

Durangoko Azokaren bigarren eguneko lehenengo bisitariak Landakora heldu direnerako, Toti Martinez de Lezea bertan dago “Esne eta eztizko lurra” eleberria aurkezten. Eta minutu gutxi batzuk barru bere standaren inguruan lehenengo ilarak sortu dira. Egun osoan zehar errepikatuko den irudia izango da. Denbora aurrera doan bitartean, bisitariak etorri eta joan egiten diren bitartean, Totik bertan jarraitzen du, aleak eta aleak sinatzen eta bertara hurbiltzen diren irakurle guztiekin minutu batzuk hitz egiten.

Azokara goiz heldu direnen artean dago Kirmen Uribe ere. «Irakurleekin eta lagunekin egotea beti da pozgarria», dio Uribek. “Elkarrekin esnatzeko ordua” dakar Azokara, sormen prozesuaren azkenengo etapara. «Lau urte egon naiz liburua dokumentatzen eta idazten. Gero edizio lana dator, aurkezpenak, eta amaieran Durangoko Azoka dator. Bertan erlaxatzen zara eta jendearekin egoten zara», azaldu digu. 46 urteko idazle ondarroarrarentzat komunikazioa guztiz beharrezkoa da, eta honakoa gaineratu du: «Gehiago landu behar den gauza bat da. Liburua existitzen dela jakin behar du publikoak eta horretarako da publizitatea. Gero, hemen, publizitatea heltzen ez den lekuetara heldu behar gara gu. Hartu-eman horretan sakonduz, eskua emanez. Muxuak emanez».

Durangon publikoarekin izaten den hartu-eman hori da agian sortzaileek gehien baloratzen dutena. Eta egia esan, berezia izan daiteke.

Bai Toti eta bai Kirmen beraien irakurleekin hitz egiten ikustea hunkigarria da. Zirrara antzeko bat ikus daiteke Irati Jimenezen begietan ere, Azokari buruz hitz egiterakoan: «Azoka oso hitz ederra da. Feria honek idazleak irakurleei begira ipintzen gaitu. Bertan gure irakurleekin batzen gara eta aurpegia jartzen diegu. Hori dena Durango barik oso bestelakoa litzateke gure kultur panoraman». Nahiz eta egun hauetan idazleak jendez inguratuta ikusi, argitasunean, beraien lana bakarkakoa eta iluntasunean egindakoa dela argi dute bai Patxi Zubizarretak eta bai Irati Jimenezek berak, eta horregatik, «bertara etortzea eta horrenbeste jende, idazle eta artista ikustea oso atsegina da», gaineratu du Zubizarretak. Horren harira, Jimenezek hauxe ziurtatu du: «Idazleen lana bakartia denez, oso zaila da guretzat publikoarekin erlazio zuzena izatea. Zuk ze liburu idatzi duzun gutxi gorabehera badakizu, baina irakurleekin hartu-emana izanda, haiek ze liburu irakurri duten ezagutzera heltzen zara».

Musikarientzat ezberdina da. Idazleek ez bezala, musikariek urtean zehar kontzertuak ematen dituzte eta bertan publikoarekin erlazio estuago bat sortzeko aukera dute. «Urtean zehar emandako kontzertuetan ezagutu ditugun lagunak bertara hurbiltzen dira gurekin egotera. Azokak ematen duen aukera beraiekin hitz egiteko eta zure lanaren inguruko gogoetak jasotzeko ezinbestekoa da», azpimarratu du Xabi Solano trikitilariak.

Nahiz eta musika leku guztietara heldu, bere formatu fisikoak krisian egon dira azkenengo bi hamarkadetan. Industria musikalaren krisiarekin diskoen presentzia gero eta mugatuagoa bilakatu da merkatuan. Gero eta gutxiago saltzen dira gero eta leku gutxiagotan. Azokak, ordea, salmenta puntu garrantzitsu bat, agian garrantzitsuena, ziurtatzen du musika ekoizle eta kontsumitzaileentzako. «Jendearekin aurrez aurre zaude eta hori eskertzen da. Are gehiago bizi dugun momentuan, gero eta denda gutxiago daudelako eta diskoak saltzeko benetako zailtasunak daudelako», dio Su Ta Garreko Xabi Bastidak.