GARA
Hernani

Galdeketen data gerturatu ahala, herri guztietan ari dira makineria fintzen

Astigarragako eta Hernaniko irakasle eta hezitzaileak Euskal Curriculumaren aldekoak diren heinean, erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren atzo. Bestalde, Irurtzunen, hasi dira 2017ko galdeketarako prestatzen. Santurtzin alderdien arteko eztabaida sustatu zuten.

Astigarragako eta Hernaniko 150 irakasle eta hezitzaile inguru Hernanin bildu ziren atzo, Baga Giltza plataforma eta martxoaren 19ko erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa babesteko asmoz. Guztira 250 atxikimendutik gora jaso zituzten. «Erabaki asko hemendik kanpo hartzen dira eta ezinbestekoa deritzogu hezkuntza sistema propio baten aldeko aldarria egitea. Zergatik? Euskal Herria hizkuntza eta nortasun propioa duen herria delako eta bertako herritarren eta euskararen neurrira eginiko Euskal Curriculuma beharrezkoa ikusten dugulako», esan zuten irakasleek.

Bestalde, Irurtzunen ere Gure Esku Dagoren dinamikaren barruan datorren urtean egingo duten galdeketa antolatuko duen Batzorde Sustatzailea aurkeztu zuten.

Horrez gain, ostiralean Santurtziren txanda izan zen. Bertako GED taldeak erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida antolatu zuen alderdi politiko desberdinetako ordezkariekin. Bertan izan ziren Xabier Barandiaran (EAJ), Jone Goirizelaia (EH Bildu) eta Sergio Campo (Podemos). Bakoitzak bere iritziak plazaratu zituen, normaltasun osoz.