Arantxa MANTEROLA
BAIONA

LAB eta CGT elkar hartuta, tren zerbitzu «osoaren» defentsan

Gaueko trenak eta bereziki Hendaia eta Paris artekoa ez kentzea eskatuz eta, bide batez, hainbat geltokitan bidaiarientzako leihatilak ixteko SNCFk hartutako erabakia salatuz, ehun bat lagun elkartu ziren ostiralean, Baionako tren geltokiaren aitzinean, LABek eta CGTk deituta. Erabiltzaileen kolektiboak eta Bizi! taldea ere bertan ziren, baita Sylviane Alaux diputatu sozialista ere. Guztiek «zerbitzu publiko osoa, hurbilekoa eta kalitatezkoa» aldarrikatu zuten.

Estatuko geltoki ugaritan bezala, Baionakoan ere tren zerbitzuaren defentsan ekimena egin zuten ostiral arratsaldean. CGT eta LAB sindikatuek deitu zuten elkarretaratzean, ehun bat lagunek hartu zuten parte, tartean Bizi! taldeko kideek eta erabiltzaileen kolektibokoek. Sylviane Alaux PSko diputatuak ere mobilizazioa babestu zuen bere presentziarekin.

Alde batetik, gaueko tren zerbitzua mantentzea eskatu zuten eta, bereziki, Hendaia eta Paris bitarteko joan-etorria egiten duen La Palombe Bleue deiturikoa. Izan ere, datorren urtean Bordeletik Pariserainoko ibilbidea egingo duen AHT abian jarri arte funtzionatzen segituko duen arren, ordutik aitzinera, Estatuko hainbat linearekin egin duen moduan, SNCFk tren hori kentzeko asmoa du.

Trenbideko langileen sindikatuak ez datoz bat gobernuak egiten duen analisiarekin eta tren hori «errentagarria» dela diote, hiriburua eta Hendaia gauez lotzen dituen trena bidaiari askok erabiltzen dutela argudiatuta.

Gainera, zerbitzu hori kentzen bada, Estatuaren eskumeneko diren hirien arteko Intercités deituriko tren gehienak ere –esaterako Baionatik Tolosara artekoa– kenduko dituztela uste osoa dute. «Eskualdeko antolakuntzan eta trenbideetako enpleguan ondorio larriak» izango dituela gaineratu zuten.

Leihatilak itxita

Hori gutxi ez, eta hemendik aurrera Hendaiako eta Donibane Lohizuneko geltokietan (eta laster Biarritzen ere hala izango omen da) asteburuetan leihatilak itxiko dituztela ere gogoratu zuten, horrek «zerbitzuaren gertutasunerako dakarren galera» deitoratuta.

SNCF tren sarea kudeatzen duen enpresa publikoak eta Estatuak tren zerbitzuaren inguruan daramaten «politika suntsitzailea» ozen salatu zuten, bi erakundeei «zerbitzu publiko osoa, hurbilekoa eta kalitatezkoa» exijituz.

Aldarrikapen horrekin bat egin nahi duen erakunde, kolektibo edota norbanakoei gogoratu zieten sinadura bilketa egiten ari direla Internet bidez. Mesopinions.com web helbidean, «Palombe bleue» klikatuta bat egin daiteke eskakizunarekin.